"Borrokatzeko asko dagoelako", urriaren 12a "borroka eguna" da Ernairentzat
Bermeoko Ernaik elkarretaratzea egin du 13:00etan, Lamerako harrizko bankuan. EH Bilduk bat egin du elkarretaratzeagaz.
Bermeoko Ernairen arabera urriaren 12a “borroka eguna” da,” borrokatzeko asko” dagoela iritzita. Hala iragarri dute gaur Bermeon egin duten elkarretaratzean; 13:00etan batu dira Lamerako harrizko bankuan. Bermeoko EH Bilduk bat egin du elkarretaratzeagaz.
“Espainiar estatuko egun nazionala, ospakizun eguna da batzuentzat, baina beste askorentzat zapalkuntza, konkista, inposizioa eta genozidioarena. Gaurkoak, Espainiar estatuko balio atzerakoienak babesten dituzten horiek guztiak batzen dituen moduan, balio guzti horien aurka gaudenok borrokan batzeko eguna ere bada”, esan dute harrizko bankuan batuta. Mendeetan zehar Espainiak “inposatutako errelato kolonial, faxista eta erreakzionarioari, ikuspegi dekolonial eta antifaxista batetik” aurre egingo diotela gaineratu dute.
Uste dute gero eta herritar gutxiago direla Espainiar estatuarekiko atxikimendua dutenak, gazteen artean “nabariagoa” dela nabarmenduta: “Urteetako politika errepresiboen ondorioz eta Espainia hamarkadaz hamarkada garatzen joan den izaerarengatik, gaur egun, gutxi dira Espainia begi onez ikusten duten Euskal Herriko gazteak”.
“Historiaren bidegurutze batean” gaudela esan dute gaur Ernaiko kideek, eta orain hartzen diren erabakiak datozen hamarkadetan “euskal herritarron bizitzak baldintzatuko” dituzte: “Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure bizitzen gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna edukitzea, burujabetza kuotak irabaztea”. Hala, une “nahasi eta ezegonkor” honetan, etorkizunari “itxaropentsu” begiratzea baino ez dagoela adierazi dute, “sistema neoliberal zisheteropatrialkala eta hori ordezkatzen duen Espainiar estatuen proiektua agortuta daudelako”.
Argi daukate Euskal Herriaren biziraupenerako “aukera bakarra independentzia” dela: “Gure herria antifaxista eta internazionalista da, eta justizia sozialean sinisten du. Gazteriak bultzatu behar du orain prozesu independentista, etorkizun ezaren eta apatiaren aurrean, ortzi-muga sendo baten alde borrokatzea tokatzen zaigu. Historiaren bidegurutze honetan, proiektu politiko sendo batek bakarrik bermatuko ditu herritarron interesak”.
Euskal Herri “Independentista, Sozialista eta Feminista” bat posible dela aldarrikatu dute gaur.