Laga hondartzako ofita pintaketekin agertu da
Hareatzaren erdigunean kokatuta dagoen haitza da ofita, triasiko sasoikoa eta balio geologiko handia duena. Ibarrangeluko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Sailera jo du, ezabatze lanak egiteko biderik egokienaren bila.
Laga hondartzaren erdigunean kokatuta dagoen ofita, maitasunaren haitza modura ezaguna, bestelako itxuragaz agertu da: pintaketaz beteta. Ibarrangeluko Udalak pintaketa horiek gaitzetsi egin ditu, eta pintura ezabatzeko “biderik egokienen” bila dabiltzala adierazi: “Balio geologiko handia duen haitz mota da ofita, eta, beraz, pintura kentzeko orduan haitzari kalterik txikiena egingo dion bidea aukeratu beharra daukagu; hori dela eta, arlo horretako profesionalei laguntza eskatu diegu. Norbaitek hormigoizko horma batean pintatzen dabilela pentsatuko zuen beharbada, baina Urdaibai Biosferaren Erreserbako haitzik zaharrenetako batean pintatzen egon da”.
Aldundira joko dute. Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Saileko adituekin hartu-emanetan ipiniko direla azaldu du. “Profesionalen irizpideak kontuan hartuko ditugu, garbiketa lanetarako”. Triasiko garaiko haitza da Lagako ofita eta 200 milioi urtetik gora du. Atlantikoa zabaldu eta bertatik ateratako magma hoztean sortu ziren mota horretako haitzak. Lagakoaren kasuan, hondartzako haitzen artean ofita bakarra berori da. Jatorriaz harago, hareatzaren erdigunean kokatuta dago haitz hori, eta, hortaz, oso deigarria da bertaratzen den edonorentzat.