Kale edo bale eginda, Arrizabalaga 3 Hiriburuak-eko finalera
Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellan Amaia Aldai eta Nora Mendizabalen kontra ariko dira 3 Hiriburuak txapelketako finalean. Gernika-lumotarra eta errioxarra Enara Gaminde eta Maddi Barrokal finalaurrekoetan menpean hartu ondoren iritsi dira finalera.
Olatz Arrizabalaga aurrelari gernika-lumotarra eta Andrea Capellan atzelari errioxarra 3 Hiriburuak txapelketako finalean egongo dira. Lesio bat tarteko, finalaurrekoetara jokatu barik pasatu ondoren, Enara Gaminderen eta Maddi Barrocalen kontra garaipen sendoa eta garrantzitsua poltsikoratu zuten asteburuan, Bilboko Kirol Pilotalekuan. 22-19 irabazi zuten Arrizabalagak eta Capellanek.
Gernika-Lumokoak azaldu du “uste baino partidu gaitzagoa” izan zela Bilbokoa: “Bagenekien sasoi onean gaudela eta hasieratik gehiago izateko asmoagaz atera ginen frontoira. Ondo abiatu genuen partidua, baina erdi partean beharbada konfiantza gehiagitxo hartu genuen, eta arerioek lehiari eusten jarraitu zuten; amaieran, kale edo bale egin behar izan genuen, gura baino estuago irabaziz”. Gaminde eta Barrocal aspaldiko ezagunak ditu Arrizabalagak: “Enaragaz betidanik jokatu izan dut, baina Maddi oraintsuago gehitu zaigu partiduetara, eta txapelketa honetara ordezko gisa sartu zen; hobekuntza bidean egonda, etorkizuneko jokalari hoberenetako izan daitekeela esango nuke”.
3 Hiriburuak-eko finala domekan izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Aurrelaria “gogotsu eta motibazioagaz” dago, lehiaketako azken txanpari begira. “Orain arteko beharrak ondo eginda, pentsatzen jarraitzen dut hautagai nagusiak Andrea eta biok garela; badakigu garaipena garesti egongo dela, baina, geure jokoa eginez gero, lehian sartuta egongo gara seguru”. Aspaldiko ezagun bi edukiko ditu aurrez aurre finalean: Amaia Aldai eta Nora Mendizabal. Etsaiak sobera ezaguturik, Arrizabalagak badaki zelako jokoa egingo duten. “Ziur nago pilotak atzera kargatzen saiatuko direla, jokoa aurreko koadroetatik aldendu guran. Guk geuk ere estrategia hori edukiko dugu: Noraren akatsak bilatzea“, azaldu du.
Txapelketagatik galdetuta, “geratzeko etorri dela” adierazi du Arrizabalagak: “Emakumezkoen pilotan aurrerapauso oso esanguratsua da, mimo handiz egina. Erakunde edota alderdi ezberdinetako ordezkariak partiduak ikustera hurreratu dira, eta horrek erakusten du ez direla soilik dirua ipintzera mugatu, hau da, interesa agerian dutela”. Pilotariak “zainduta” sentitzen direla argitu du, eta etorkizunean “txapelketa oso inportantea” izango dela adierazi.