Hiru kale argi jarri dituzte Burgoara bidean
Eguzki energiaz hornitzen diren kale argiak dira jarri dituztenak, argindar sarearekiko independentzia dutenak. Ez dute kosturik eragiten, ezta kutsatzen ere, alkatearen berbetan. 10.098,66 euroko aurrekontua behar izan da lanok egiteko.
Ajangizko Udalak Burgoa bideko kale argiteria hobetu du, eta hiru farola jarri ditu Burgogoikoa eta Burgoene baserrien artean.
Eguzki energiaz hornitzen diren kale argiak dira jarri dituztenak, argindar sarearekiko independentzia dutenak. Egunean zehar eguzki energia hartzen dute, eta edukiera handiko bateria batean biltegiratzen dute hori, kontsumo txikiko LEDak elikatuz, gero, gauean, ahalik eta intentsitate handienean ingurua argiztatzeko.
“Bide hori argiztapenik barik zegoen, eta baserri horietan bizi diren herritarrek farolak jartzeko eskatu ziguten. Hala egin dugu”, adierazi du Ajangizko alkate Koldo Carbonellek. Onartu du herrigunetik urrun dagoen gunea dela Burgoarako bidea, eta argindar sareko kableak bertaraino eramatea kostu handiko obra zela udalarentzat. Ondorioz, eguzkiaren argiaz baliatzen diren farolak jartzea erabaki dutela dio: “Eguzkitik hartzen dute energia, eta ez dute kablerik behar. Horri esker, ez dugu obrarik egin behar izan. Gainera, esan beharra dago, ez dutela gasturik eragiten, izan ere, beste kale argien fakturak hilero edo urtero ordaindu behar dira, baina hauek ez”. Alkateak gaineratu du ez dutela kutsatzen, “ez dutelako CO2 emisiorik eragiten”.
Hiru farolen kostua 10.098,66 eurokoa izan da, BEZa barne.
Proba egiteko balioko dutela farolek onartu du alkateak, eta horien balorazio positiboa eginez gero, beste gune batzuetan jartzea hausnartuko dutela adierazi du Carbonellek.