"Eztanda" egingo du Durangoko Azokak
Ohiko formatua berreskuratu eta online dendari eutsiko dio aurten Durangoko Azokak. Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia guneak egongo dira aurten ere, eta horietan egon gura duten sortzaileek euren proposamena bidal dezakete urriaren 15era arte.
EztanDA egingo du kulturaren plazak. Ohiko formatua berreskuratuko du Durangoko Azokak aurten, eta aurrez aurreko salmentez gain, online dendari ere eutsiko dio abenduaren 7tik 11ra zabalduko duten azoka handiak. 57. edizio honetan, euskal kulturaren “eztanda” biziko dela dio Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak: “Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez irango duen eztanda”.
Azokaren “unibertso osoa” bueltatuko dela azaldu dute gaurko aurkezpenean: aspaldiko lagunekin topatu eta besarkatzea, ikasleak Landakogunera korrika sartzea, sortzaile gustukoenak aurkitzea… Horiek guztiak berreskuratuko ditu Durangoko Azokak, baina azken bi urteetan kulturaren plazari babesa eman dioten sortzaile, kulturzale, eragile eta babesleei euren laguntza eskertu die Mujikak: “Egoera zaila izan arren, azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da”.
Ikasle Goizaz gain, Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia guneak egongo dira aurten ere. Horietan, diziplina ezberdinetako sortzaileek euren proposamenak aurkeztuko dituzte, eta hori egin gura dutenek euren proposamenak bidal ditzakete urriaren 15era arte.
Azken urteetan ez bezala, azokako lehenengo egunean “milaka ikasle” hartuko ditu Landakoguneak. Izan ere, hainbat jarduera antolatu dituzte eurentzat: komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra… Horiez gain, hirugarrenez, PortaDA lehiaketa antolatu dute LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat.
Berrikuntza gisa, hezitzaileentzat ere tailerrak egongo dira aurton, lehenengoz: hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia izango dira.
Online eskaintza.
Landakogunean aurrez aurreko erakusmahaiak egongo diren arren, aurten ere etxetik erosteko aukera egongo da, online denda martxan egongo baita abenduaren 7tik 10era bitartean, DAren webgunean; hau da, online dendak aurrez aurreko azoka baino egun bat lehenago itxiko du.
Jakinarazi dutenez, behin Durangoko Azoka amaituta, kulturaren plazak jarraipena izango du ‘Zu non, han DA!’ egitasmoaren bidez. Hala, Euskal Herriko hamaika liburudendetan, azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez. Aurten, lehenengoz, liburu aurkezpenak ere antolatuko dira liburudendetan.
Irudia, Ruben Ramosena.
Aurtengo ildo nagusiak aurkezteagaz batera, edizio honetako irudia ere aurkeztu dute, Ruben Ramos diseinatzaileak sortutakoa. Azaldu duenez, bere ilustrazioak “unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera” irudikatzen du: “Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da”.
Sortzaileak dio gazteak izan dituela jomugan kartel garaikidearen sorkuntzan. “Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin”, dio.