Denboraldi hasierako lehen azterketa gaindituta, gehiagoren gosez
EuroCup Women txapelketako atariko kanporaketaren joaneko partidua irabazita, itzuliko partidua jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak Phantoms Basket Boomen kontra. Gainera, Leganesen kontrako garaipenagaz abiatu dute Emakumezkoen Endesa Liga.
Bide zuzenetik hasi du Lointek Gernika Bizkaiak 2022/2023 denboraldia. Denboraldiaurrea amaituta, urteko lehendabiziko azterketa serioa gainditu zuten joan den astean: Phantoms Basket Boom talde belgikarraren kontra EuroCup Women lehiaketako atariko kanporaketako joaneko partidua sendotasunez irabazi zuten Anberesen, 62-102ko markagailuagaz. Europan aurrera egiteko lehen urratsa atzean utzita, garaipen boladari eutsi zioten, atzo, Emakumezkoen Endesa Ligaren hasierari: 82-55 irabazi zioten TSN Leganes taldeari, Malosten.
Denboraldi hasiera gaitza izaten ari da talde gernika-lumotarrarentzat. Europako eta ligako partiduen zurrunbiloan sartuta, joan-etorrian dabiltza eta jarraituko dute aurrerantzean. Bidean, EuroCup Womeneko azterketaren itzuliko partidua jokatuko dute etxean, bihar, 20:00etan. Ana Montañanaren jokalarien jomuga argi eta garbia da: Leganesen kontra egin bezalaxe, etxean talde sendoa direla frogatzea. Izan ere, madrildarren kontrako partiduan ilusioz eta gogoz beteriko taldea ikusi zuten bertaratu ziren zaleek, hasiera-hasieratik.
Laura Spreafico eta Sandra Igerabideren hiruko jaurtiketak izan ziren atzoko partiduaren gidalerro nagusiak. Montañanak defentsa sendoa antolatu zuen, eta Lointekekoak bizkor atera ziren kontraerasora, aurkariaren saskiaren bila. Itziar Ariztimuño ekuazioan sartzeak jokoaren intentsitatearen igoera ekarri zuen, eta une horretatik aurrera markagailuak 25-10eraino egin zuen. Goi-mailako saskibaloia nabarmendu zen Malosten. Esaterako, Andrijana Cvitkovicek 23 puntu eta 8 errebote poltsikoratu zituen bere debut egunean. Partiduko azken uneetan, Montañanaren neskak aurretik duten aste gogorrari begira ipini ziren.
Ariztimuñok neurketaren amaieran azaldu zuen denboraldiaurrearen ondoren “lanaren konfirmazio bikaina” izan zela Leganesen kontrakoa: “Ez da erraza izan, baina gure jokoa hobetzen segitzeko balio izan digu; Leganes, edozeinen kontra izanda ere, beti garaipenaren bila ateratzen den taldea da, eta partiduaren langa oso altu jarri ziguten, beraz. Orain, aste gogorra datorkigu, eta prest egon beharko gara”.
Asteon, hain zuzen ere, Phantoms Basket Boomez gain, Barça CBS taldearen aurka ere neurtu beharko dira. Belgikarren kontrako partidua kontrolpean eduki beharko lukete Gernika-Lumokoek, egundoko triskantza gertatu ezean. Joanekoan, 26 asistentzia egin zituzten; talde oso gutxiren esku dagoen kopurua da hori, eta baloia asko eta ondo mugitu zutela adierazten du. Era berean, sei jokalarik hamar puntu baino gehiago egin zituzten. Defentsa lanetan, baina, hobekuntzarako tartea daukatela erakutsi zuten, eta Anna Montañanak horixe jo du, hain zuzen, helburu nagusi gisa.
Entrenatzaile valentziarraren arabera, Phantoms Basket Boomen kontrakoa partidu baliagarria izango da “bai taldearentzat, bai jokalari bakoitzarentzat”: “Jokoaren alderdi kolektiboa doitzen jarraitzeko balioko digu, eta jokalariek beren prestakuntza fisikoan aurrera egin dezaten ere bai; berrogei puntuko aldeak irabazteko nahikoa dela dirudi, baina adi egon beharko gara, Europa mailako norgehiagoka baita azken batean”.