Enbeita eta Etxebarriazarraga Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetara sailkatu dira
Jone Uriak irabazi du Donostiako Victoria Eugenia antzokian jokatutako kanporaketa; Onintza Enbeita muxikarra bigarren eta Aitor Etxebarriazarraga gernikarra hirugarren sailkatu dira.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetarako txartela lortu zuten Onintza Enbeita Maguregi muxikarrak eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernikarrak atzo arratsaldean (urriak 8), Donostian.
706 puntu bilduta, Jone Uriak irabazi zuen Victoria Eugenia antzokian jokatutako kanporaketa; Enbeita bigarren sailkatu zen 688 puntugaz, eta Etxebarriazarraga hirugarren, 682,5 puntugaz. Horien atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, Maddalen Arzallus (678 puntu), Eñaut Martikorena (674,5 puntu) eta Beñat Iguaran (659 puntu). Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra aritu zen gai-jartzaile lanetan.
888 pertsona elkartu ziren atzoko saioan (astelehenean amaitu ziren Donostiako saiorako sarrera guztiak eta, beraz, atzo ez zuten leihatilarik zabaldu).
Txapelketaren lehenengo fasean 36 bertsolarik parte hartu dute, eta 24 bertsolari lehiatuko dira finalaurrekoetan: izena eman duten 2017ko txapelketaren bost finalista eta lehenengo fasetik sailkatutako hemeretzi bertsolari. Horien artean, sei kanporaketen irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta hamahiru puntuazioaren arabera. Momentuz, Uriaz gain, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Haritz Mujika eta Joanes Illarregi zuzenean sailkatu dira. Azken kanporaketa jokatzearen faltan, puntuazioaren araberako sailkapenean, Oihana Iguaranek ditu puntu gehien: 737,5, eta atzetik daude Nerea Elustondo (695 puntu), Ane Labaka (694,5 puntu), Julio Soto (691 puntu), Enbeita (688 puntu), Agin Laburu (685 puntu) eta Etxebarriazarraga (682,5 puntu). Beraz, azken kanporaketatik bertsolari denak sailkatuta ere, Enbeita eta Etxebarriazarraga hurrengo fasean ariko dira.
Azkenengo kanporaketa gaur. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehenengo fasea gaur amaituko dute, Lizarrako Los Llanos aretoan, eta, hortaz, saioa amaitzean argituko da zeintzuk pasatuko diren finalaurrekoetara. Maialen Akizu Bidegain, Aitor Bizkarra Ruiz, Asier Azpiroz Iztueta, Imanol Uria Albizuri, Unai Gaztelumendi Arandia eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga dira finalaurrekoetara sailkatzeko gaur lehiatuko direnak. Aurreko kanporaketak bezala, 17:00etan hasiko da.
Internet bidezko sarrerak agortuta daude, baina txarteldegia 15:00etan irekiko dute. Aretora sartzeko ateak 16:00etan zabalduko dituzte. Era berean, orain arteko saio denak moduan, gaurkoa ere bertsoa.eus atarian eskainiko dute bertaratu ezin dutenek ere bertsoez gozatu dezaten.
Hurrengo fasean zazpi saio. Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau finalaurreko izango dira lehenegoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortzen duten sei bertsolariak txapelketatik kanpo geratuko dira. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.