"Munduko bulegorik onena da hau; pribilegiatua sentitzen naiz"
Ekainaren 1etik irailaren 30era, Mundaka, Sukarrieta eta Ibarrangeluko Laida hondartza artean itsasontzian joan-etorriak egiteko zerbitzua ematen du Cristina Krug Zuluetak.
Ekainaren 1etik irailaren 30era bataz beste zenbat bidaia egiten dituzu egunean?
Bidaia kopurua nahikoa irregularra da. Beti ere eguraldiak baldintzatzen du; egun lainotuetan turista gehiago edo gutxiago egon daitezke. Egun eguzkitsuetan jende asko garraiatzen dut, agian, 500 bat pertsona pasatzen dira hemendik. Jendea non dagoen ikusten joaten naiz. Ekaineko lehenengo hamabostaldian eta iraileko azkenengoan jende gutxiago ibiltzen da, eta ezin naiz denbora guztian bueltaka ibili jenderik ez badago, beraz, eskarien arabera moldatzen naiz.
Noiz hasi zinen zerbitzuagaz?
2014tik ari naiz; 2018ra arte hiru pertsona ginen, eta 2019ko denboralditik bakarrik ari naiz.
Hala ere, zerbitzu hau aspaldikoa da.
Bai, ezagunenak Motriko mundakarraren Ondar-Alai eta Aterpe-Alai ontziak ziren, 37 urtez egon ziren martxan, 70eko hamarkadatik 90eko hamarkada erdialdera arte. Jubilatu zenean, Mundakan zerbitzuagaz jarraitu gura izan zuten; azken gasolinoa udalak erosi zuen, eta herriko batek jarraitu zuen. Ez dakit ondo zer gertatu zen, baina ontzietako bat hondoratu, eta besteak deseginda amaitu zuen.
Horietan ibilitakoa zara?
Bai, noski, eurekin hazi nintzen, eta ez nuen sekula imajinatuko zerbitzu bera ematen amaituko nuenik. Nire senarra Motrikoren familiakoa da, gainera.
Zuok zergatik erabaki zenuten zerbitzua ematea?
Beharrizana zegoela ikusi genuen, zerbitzua beharrezkoa zela. Bilbokoa naiz, Sukarrietako udatiarra. Astebururo etortzen ginen, hemen hazi eta hezi ginen. Gerora, hemen bizitzea erabaki nuen, nire lekua hauxe delako, liluratuta naukalako. Hori erabaki nuenean, berton zerbait topatu behar nuela pentsatu nuen. Aztertuta, nire lana hau zela ikusi nuen. Martxan jartzea hiru bat urte kostatu zitzaidan, titulazioak, baimenak etab. behar nituelako; zerotik hasi nintzen, erabateko ezezagutzatik. Inguru honetan lan egitea plazerra da; munduko bulegorik onena da hau. Guztiz pribilegiatua sentitzen naiz, gustatzen zaidana egiten dut eta. Bidaiari gehienak oporretan daudenak dira, eta ez dira kexatzen.
Hurbileko harremana daukazu bidaiariekin?
Normalean jendea esker onekoa da. Askok galderak egiten dizkidate, eta dakidana kontatzen diet. Niri gustatzen zaidana besteei ere gustatzea nahi dut. Miragarria iruditzen zaie inguru hau.
Eta itsasadarrean dabiltzan gainontzekoekin zelako harremana daukazu?
Harremana ona da, errespetua oinarrizkoa da. Surfistak ikastaroetan lanean ari dira, kayak eta piraguetakoak ere berdin… Askotan igerian, kayakean edo paddle surfean zegoen jendea erreskatatu dut uretatik. Erramua zer den jakin barik etortzen dira batzuk, eta kayakak alokatzen dituzte. Abentura zale asko dago. Hau denona da, eta denontzat, ez dut nahi ezbeharrik gertatzea. Ezagutu ezean, korronteak oso arriskutsuak dira, ezagutuz gero, lagundu egiten dizute. Sorosleekin hurbileko harremana daukat, eta laguntzen diet. Ontzian ere mugitu izan dira; aurten Izaro Kanalakoa denez, Laidatik Mundakarainoko tartea egin izan du, eta iaz, Jokin mundakarrak ibilbide bera egiten zuen, Laidako soroslea zelako.
Zortzi urte hauetan zerbitzua egokitu al duzu?
Telefono deiak edo WhatsApp bidez mezua bidaltzeko aukerez gain, aurten erreserba plataforma martxan ipini dut. Digitalizaziora egokitu naiz, eta oso ondo dago. Nahikoa ondo funtzionatu du. Batez ere, turistek plataforma bidez asko erreserbatu dute.
Ingurukoek zerbitzua ezagutzen dute, baina turistek zelan izaten dute honen berri?
Sare sozialetan lan asko egiten dut, eta webgunea ere badaukat. Publizitatea ere egiten dut, eta eskualdeko turismo bulegoetara, hoteletara, ostatuetara eta nekazal etxeetara ere informazio bidaltzen dut. Harreman estua eta jarraitua izatea giltzarria da. Turistek topatu eta galdetu egiten dute; ulertzen dute itsasadarraren bi aldeak lotzen dituen zerbait egon behar dela.
Udan zeintzuk nazionalitateetako turistak pasatzen dira ontzi honetatik?
Normalean frantziarrak gehienbat, baina aurten holandar asko egon dira. Italiarrak eta ingelesak ere etorri dira. Gero eta espainiar gehiago etortzen dira, udako freskotasunaren bila. Aurten, Murtziako jende asko ibili da, eta Levantetik (Alacante, Castellon) eta Espainia barnealdetik (Ciudad Real, Albacete) ere etorri dira. Itsasontzi-egunerokoa daukat, eta bertan eguneroko gertaerak jasotzen ditut, adibidez, bidaiariak nongotarrak diren.
Eta zein da bidaiarien profila?
Orokorrean familiak, adineko jende nagusia eta nerabe kuadrillak izaten dira. 20-40 urte bitartekoak gutxiago izaten dira. Gertatu izan zait familiaren bat Laidan egon, eta galdetzea ea jaitsi barik Mundakara joan-etorria egin ahal duten, ontzian buelta bat eman gura zutelako umeek.
Pandemiak zelan eragin zion zerbitzuari? Zein neurri hartu behar izan zenituen?
2020ko uda bikaina izan zen, eguraldi oso ona egin zuelako, egun eguzkitsu asko. Jende nahikoa ibili zen, ez nuen espero. Berandu hasi ginen, eta beldur nintzen. Protokoloa egin nuen; maskarillaren erabilera derrigorra zen, eta segurtasun distantziak mantendu behar ziren. Hamabi pertsonako edukiera badago ere, hasieran bost pertsona eroan nitzakeen aldi berean, eta, gero, hamabi eroateko baimena eman ziguten. Iaz, neurriak ez ziren hain zorrotzak izan, baina eguraldi txarra egin zuenez, jende gutxiago ibili zen. Hemen eguraldia da funtsezko faktorea.
Zure lanetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Dena gustatzen zait; egunero ikusten dudan paisaia, jendea, momentu bakoitza, nabigatzea… Eguraldiak laguntzen ez duenetan ere, beste era bateko lanak egiten ditut. Itsasadarrera egokitutako ontzia da, Gernikaraino joan naiteke, eta txangoez gain, mota honetako ontziak behar dituzten profesionalekin lan egiten dut, biologoekin, adibidez.
Zelan deskribatuko zenuke paisaia hau, Urdaibaiko itsasadarra?
Deskriba ezina da; usaindu, sentitu, ikusi… egiten duzu, eta momentu bakoitza desberdina da. Goizetik eguerdira marea, paisaia, koloreak, argia, eguraldia, tenperatura, usaina, haizea… desberdinak dira, dena aldatzen da. Neguan arropekin ondo babestuta ere hotz izugarria pasatzen duzu, baina bere xarma dauka. Ez diot eragozpenik ikusten.
Pasarte asko gordeko dituzu zure egunerokoan, ezta?
Bai, denetarik. Behin Sukarrietako pantalanean Alacanteko andra bat hartu nuen, itsasgoran, Laidara joateko. Arratsaldean, itsasbeheran, ontzia hartutako leku berean jaitsi gura zuen, ez zituen oinak busti gura. Laidara bueltatu zen, eta esan zidan itsasgorara arte ez zela bueltatuko. Azaldu nion hemen mareak baldintzatzen gaituela. Lauzpabost bidaia itxaron zituen, eta eguneko azken bidaian, abisatu egin nion. Harrigarria iruditu zitzaidan. Bestalde, ontzia gurpildun aulkientzat egokituta dago, eta behin, Aspacekoekin nengoela, izurdeak agertu zitzaizkigun; txundituta zeuden. Eduki dudan oparirik handienetakoa izan da. Atsegina izan zen, gozamena.