Erabiltzaileen ustez Aritzatxu da Bizkaiko hondartza seguruenetako bat
Bizkaiko Foru Aldundiak hondartza denboraldiari buruzko informazioa plazaratu du, eta horiek bisitatzen dituztenen arabera, hondartzarik seguruenak Ogella (9,90 puntu 10etik), eta Gorliz, Bakio eta Aritzatxu (9,62) dira.
Ispasterko Ogella (9,63), Plentzia (9,39), Gorliz (9,25) eta Bakio (9,20) izan dira kalifikaziorik altuenak jaso dituztenak.
Orokorrean Bizkaiko hondartzetako segurtasuna izan da balorazio positiboena jaso duen alderdia; 10etik 9,93ko puntuazioa jaso du alor horrek. Hondartza garbiketak eta zerbitzuek eta ekipamenduek aurreko urteetako kalifikazioak gainditu dituzte: 8,71 eta 8,32ko notekin baloratu dituzte, hurrenez hurren.
Aurtengo udan 49 egun eguzkitsu egon direla esan dute. “Beste hainbeste lainotsuak izan dira, 20 egunetan eguraldi aldakorra egin du eta egun euritsuak bakarrik 4 izan dira”. Horren erakusle da aurten Bizkaiko hondartzaren bat zapaldu dutenen kopurua: 2.653.009 pertsona zenbatu dira. Ondokoak dira erabiltzaile gehien jaso dituzten hondartzak: Muskiz/Zierbenako Arena (449.847 pertsona), Sopelako Arriatera-Atxabiribil (312.087), Gorliz (241.670) eta Bakio (229.136). Ostera, hondartzara jende gehien joan den hilabetea uztaila izan da (1.131.742 bisita zenbatu ziren uztailean). “Aurreko urteetan abuztuan zenbatu zen jende gehien”.
- Denbora gehiago hondartzan. Batazbeste, pertsona bakoitzak egunean 4,39 ordu egin ditu hondartzan. “Datu hori pandemia aurreko urteetakoa baino altuagoa da”.
- Hondartzainen esku hartzeak: 753 gorabehera, iaz baino 425 gutxiago. 48 erreklamazio ere jaso dituzte, iaz baino 8 gutxiago.
- Sorosleen esku hartzeak: 4.185 (2021ean 3.905 izan ziren).
- Lagundutako bainuaren erabiltzaileak: 1.202 pertsonak eta 220 egoitzak erabili dute zerbitzua. Erabiltzaile gehienak banaka joan direla esan dute (692), eta 770ek ez dute aurretik hitzordurik eskatu. Ondarroako Arrigorrin 136 petsonak erabili dute zerbitzu hori.
- Jasotako hondakin kopurua: 596.620 kilo hondakin bildu dira, gehiena itsasaldiek ekarritako zaborra izan dela argitu dute (394.800 kilo). “Beste 147.300 kilo erabiltzaileek zakarrontzi berdeetan botatakoak izan dira, eta 54.520 kilo ontziak izan dira”.