Bermeoko Berbalagunak martxan dira berriro ere
Gurasolagun ekimenaren barruan, 'Koloretako ziabogak' antolatu dute urriaren 14rako (barikua).
Aurreko urteetan egin modura, urriagaz batera martxan hasi dira Bermeoko Berbalagunak. Diotenez, euskara ikasteko ezinbestekoa da euskara praktikatzea, eta, hain zuzen ere, horretarako aukera “paregabea” eskaintzen du Bermeoko Udaleko Euskara Sailak antolatzen duen Berbalagun egitasmoak.
Lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen dizkie parte hartzaileei, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo. Hala, euskaraz berba egin gura dutenen topagunea da Berbalagun, eta gogorarazi dutenez, lekua dago ahozko euskara hobetu gura dutenentzako zein euskara ondo dakitenentzako. Doan parte hartu daiteke, eta edozein momentutan eman daiteke izena. Parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar.
Lagunartean euskara eginez, “hizkuntza bizia eta adierazkorra” lantzen dute, eta “erraztasuna hartzen dute” egunerokotasunean euskara erabiltzeko. Taldeak astean ordubetez batzen dira. Eskolatik eta euskaltegietatik kanpo egiten den ekimena izanik, berbataldeak gura edo ahal duten tokian geratu daitezke. Hau da, izena ematen dutenek erabakitzen dute non eta noiz batu. Aisialdian egiteko egitasmoa izanik, “ondo pasatzeko aukera” ematen duela adierazi dute.
Berbalagun egitasmoaren baitan, gainera, hainbat ekintza osagarri antolatzen dituzte euskal kultura ezagutu eta euskara praktikatzeko. Gurasolagun da horietako bat; familientzako berbataldeak dira. Horren bidez, gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko transmizioa indartzea dute helburu, bai eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartu ere. Gurasolagunen lehenengo tailerra urriaren 14rako (barikua) antolatu dute: Koloretako ziabogak. 18:00etan batuko dira Euskal Gunean.
Kirola eta natura ekimenaren baitan, berriz, Izarraitzeko mendigunera joateko irteera antolatuta daukate urriaren 23rako. Azaroaren 13an orientazioa landuko dute Urkiolan eta azaroaren 27an Laudiotik Bilbora txangoa egingo dute mendiz mendi.
Horrez gain, ikasturte honetarako beste hainbat ekintza ere badauzkate aurreikusita, hala nola, sendabelarren ikastaroa, dantza errazak praktikatzeko taldea, topaketak… Gainera, aurten ere ez dira faltako udazkeneko, neguko eta udaberriko lehiaketak.