62-102 nagusitu dira talde belgikarraren aurka. Bueltako partida urriaren 12an (eguaztenean) izango da, 20:00etan, Malosten.
Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup Women txapelketako atariko kanporaketako partidua irabazi du Phantoms Basket Boom taldearen aurka. Talde belgikarraren kontrako lehia burutu zuten atzo (urriak 5), Anberesen, eta 62-102 nagusitu zen talde gernikarra. Anna Montañana entrenatzailearen hitzetan partida serioa izan zen: “Tentsioaz gain partida nahi genuen lekura bideratu dugu. Defentsa sendo bat izan dugu eta kontraerasora atera gara”.
Montañana entrenatzaileak nahiz jokalariek final bat bezala bideratu dute partida. Hasiera bereziki garrantzitsua zen, Phantonms Basket Boomekoek taldearen gaztetasunaz gain etxean jokatzearen abantaila izanik, eta dena emateko prest atera ziren. Bestalde Lointek Gernika Bizkaia, esperientziak ematen duen konfidantza edukita, aurkariaren akatsa bilatzera atera ziren. Baloia lapurtzeko aukerak izan zituzten, baina atzealdean utzitako hutsuneek aurkariei aukerak eskaini zizkien. Lehenengo hutsartera 11-20ko markagailuagaz heldu ziren.
Anna Montañana (Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailea): “Tentsioaz gain partida nahi genuen lekura bideratu dugu. Defentsa sendo bat izan dugu eta kontraerasora atera gara”
Gernika-Lumoko taldeak intentsitateari eutsi nahi izan zion, aukera zuten uneoro korrikari ekinez. Sandra Ygueravideren hirukoak, etxekoen entrenatzaileak bigarren hutsartea eskatzea eragin zuen, 19-35ko markagailuagaz. Hala ere, Phantoms Basket Boomekoek Lointekekoen hutsegite guztiak aprobetxatu zituen gutxika markagailua igoaz. Montañanak ez zuen jokalarien intentsitatea jaitsi nahi izan hutsartearekin, hortaz, jarraitu egin zuen lehiak. Baina talde gernikarrekoek ez zuten akatsik barkatzen, eta ezberdintasuna gero eta nabarmenagoa zen, 27-49. 20 minuturen barruan 55 puntu eginik, partida erabakita zegoen.
Iturria: Lointek Gernika Bizkaia
Atsedenaldiaren ostean Lointekekoek lanean jarraitu zuten. Ezberdintasuna handitzeko ahalegina egin behar zuten bueltako partidurako, eta defentsan zein erasoan ere lanean jarraitu beharra zuten. Abantaila 30 punturainokoa izatera heldu zen. Hortaz, Montañanak entseguak egin zituen partidan zehar, adibidez, Itziar Ariztimuño eta Sandra Ygueravide elkarrekin jokatzen jarri zituen.
Minutuak aprobetxatu nahi izan zituen, lanketarako partida bezala erabiliz, kontuan izanda datorren astean hiru lehia jarraian izango dituztela Malosten: astelehenean Innova TSN Leganesen aurkako ligako partidua, eguaztenean Eurocup Womeneko bueltakoa, eta zapatuan Barca CBSren aurkako ligakoa. “40 puntuko abantaila lortzea oso garrantsitzua izan da bueltako partidarako, baina asteleheneko partida Leganesen aurka oso ezberdina izango da, eta mentalki prest egon behar gara horri aurre egiteko”.