Bizkaian % 4,6 dira emakume izena duten kaleak
Errealitate hori ikusarazteko asmoz, 'Emakume kaleak' izeneko web orrialdea sortu dute, kale horiek geolokalizatzeko eta guztizko kopuruarekin alderatzeko.
Emakume izena duten kaleak ez dira, guztizko kopuruarekiko, % 5era ailegatzen; hain zuzen ere, 4,6 dira aurten emakumeen izena duten kaleak Bizkaian. Errealitate hori ikusarazteko asmoz, Emakume kaleak izeneko web orrialdea sortu dute, kale horiek geolokalizatzeko eta guztizko kopuruarekin alderatzeko.
Webguneak kale izendegiak, baselizak, elizak zein plazak izan ditu kontutan, eta lurraldeko bataz bestekoa betetzen da Busturialdean ere. Gernikan, esaterako, 312 kaletatik hamalau dira emakume izena duten kaleak, eta euren artean daude Eugenia Idoiaga eta Elbira Iturri izenekoak. “Kale bi horiek eta horien tamaina eta itxura aztertuta, ezin da berdintasunaz hitz egin”, diote Bakearen Museoko kideek. Bermeon, berriz, 395 kaletatik 19 dira andrazkoen izena dutenak.
Lan, Gizarteratze eta Berdintasuneko Foru Sailak bultzatu du kale izendegia, eta Teresa Laespada diputatuak adierazi du “egitura matxista sendoetan” oinarritutako gizarte “desorekatu” bat dela egungoa. “Egoera eta errealitate askotan egiazta dezakegu hori; esate baterako, eremu publikoetan eta boterea dutenetan emakumeen ikuspen eta aintzatespen falta nabaritzen da”, gehitu du.
Hori horrela, esan du zenbait arlotan emakumea izatea “desabantaila” dela oraindik ere, eta, ondorioz, “beharrezkoa” dela emakumeen presentzia eta onarpena indartzea historikoki kanporatuak izan diren espazio horietan. “Erakutsi nahi dugu emakumeen presentzia zenbateraino den desorekatua botere sinbolikoko eremuetan, hala nola, gure kale izendegian. Horregatik, lehenik eta behin, egungo egoera begiratu eta baieztatu behar da, hain zuzen ere, emakumeek presentzia txikia dutela gure kale eta plazetan”, azpimarratu du.
Laespadak defendatu du “berdintasuna eskubide kontua” dela, baina baita etorkizuneko apustua ere, “emakumezkoen erreferenteek gizonezkoen presentza bera izan dezaten”. Kale izendegian, gizartean zein etorkizunean berdintasuna nabarmendu behar dela dio.