Mendatarrek jai giroagaz jarraituko dute asteburuan
San Migel jaiei erreleboa hartuko diete Zarrabentako jaiek asteburu honetan.
Auzoak tradizioagaz bat egingo du berriro ere, eta asto probak izango dira jaietako protagonistak: “Probak bi jardunalditan egingo dira, eta tradizio sendoa daukate”, azpimarratu dute antoltzaileek. Hain zuzen, 47. aldiz lehiatuko dituzte.
Zapatuan, Piratak (Arratzu), Kaiero (Gatika) eta Itxurrituxu (Errigoiti) probalarien arteko dema hartuko du Zarrabentak, 19:30etik aurrera, eta gero, gaueko giroa alaitzeko dantzaldia egongo da Obieta Aita Semeak taldearen eskutik.
Domeka eguerdiko meza ostean ere musika ez dute faltako, trikitilariek musikatuko baitiete txikiteoa. Arratsaldean, berriz, beste hiru demalariren arteko saioa edukiko dute probalekuan: Juan Luis Irazola (Mallabia), Xarpa (Aizarnazabal) eta Imanol Erleaga (Mendata).
Asto probak Bizkaiko Fererazioak kontrolatuta lehiatuko dituzte, eta sari-banaketa ekitaldia bigarren jardunaldia amaitu ondoren egingo dute. Beste urte batez, sari ederrak banatuko dituzte: 310 euro, pentsu-zakua, manta eta garaikurra irabazlearentzat, 290 euro eta pentsu-zakua bigarren sailkatuarentzat eta 280 euro eta pentsu-zakua hirugarrenarentzat. Laugarren posturako, 270 euro eta pentsu-zakua, bosgarren posturako, 260 euro eta pentsu-zakua, eta seigarren posturako 250 euro eta pentsu-zakua.
“Mendatan jaiak dibertsioa eta tradizioa dira. Gustatzen zaigu ikustea belaunaldi berriek geure ohiturez, herri kirolez, geure musikaz gozatzen dutela, eta pertsona zaharrenetik txikienera, denek aurkitzen dutela euren lekua gure jaietan. Hau lortzeko, ilusioz prestatu dugu jaien programa zabala, guztiek parte har dezaten. Jai bikainez gozatzea espero dugu, eta, beste behin be, mendatarren inplikazioa eskertzen dugu; euren laguntza oso garrantzitsua da uda alaitasunez amaitzeko eta udazkena bizitasun honekin hasteko” azaldu du Joseba Mallea Mendatako alkateak.
EGITARAUA:
Urriak 8, zapatua
- 19:30. Asto probak (asto gazteak): Piratak (Arratzu), Itxurrituxu (Errigoiti) eta Kaiero (Gatika).
- 22:00. Makailau jana.
- 22:30. Erromeria Obieta aita-semeak dantza taldearekin.
Urriak 9, domeka
- 12:30. Meza ermitan
- Ostean. Trikitilariak eta txikiteoa
- 18:30. Asto probak: Imanol Erleaga (Mendata), Xarpa (Aizarnazabal) eta Juan Luis Irazola (Mallabia).