Aitor Lopez de Torre: "Jokalariek eguneroko lanagaz duten konpromisoa itzela da"
Bermeo Futbol Taldeko entrenatzaile bilbotarrak defentsa sendotzeko helburua du. Gehienbat eskualdeko jokalariz osatutako 22 kideko lantaldea dauka Bermeo FTk.
Zelan hasi duzue aurtengo denboraldia?
Hasiera nahasi samarra izan da: hirugarren jardunaldian hasi ginen, irailaren 18an; lehen bi jardunaldiak gerora jokatuko ditugu. Orain arteko balorazioa positiboa da taldearentzat, baina are hobea izan zitekeen: garaipen bi eta porrot bat lortu ditugu. Bederatzi puntutik, sei. Lanerako tarte handia daukagula esango nuke, baina polito hasi dugu denboraldia.
CD Paduratik iritsi zara Bermeo FTra, baina maila berean zuzenduko duzu taldea.
Bai, bi taldeek Ohorezko Mailan jokatzen dute. Dena dela, aurten, maila bereziki handia dago dibisio horretan: 18 taldetik 20ra igaro gara, eta Bizkaiko zenbait talde indartsu Hirugarren Mailatik jaitsi dira; horrek maila handiko jokalaridun dibisioa izatea ekarri du. Bost denboraldi egin nituen Padura taldea entrenatzen, eta, ostean, San Pedron ere ibili nintzen entrenatzaile. Bertatik iritsi naiz Bermeo FTra, eta talde benetan ederra topatu dut bertan.
Talde ederra zein zentzutan?
Herriko taldea da, aldaketak ondo hartzen dituena, taldeagaz bat egiten duen jarraitzaile masa polita daukana eta ibilbide ona eduki dezakeena. Beste taldeetan egon naizenean ere, oso identifikatuta sentitu izan naiz Bermeo FTren filosofiagaz.
Zelako lantaldea duzue 2022/2023 denboraldirako?
21 jokalari ditut, eta luzarorako min hartuta dagoen beste bat ere bada. Talde gehiago daudenez eta, ondorioz, partidu gehiago jokatu beharko ditugunez, iazkoa baino lantalde handixeagoa edukitzea bilatu dugu. Gainera, fitxaketak egitean, tokiko jendea bilatu dugu: Bermeokoak nahiz Gernika-Lumokoak.
Zelako jokoa bilatuko duzue?
Jokalarien jarreragaz lotutako egoeretan eragiten saiatuko naiz. Baloia daukagunean egin behar dugun jokoari erreparatzeaz gain, esangura handia emango diogu baloirik ez daukagunean zelan jokatzen dugun aztertzeari, hori ere funtsezkoa baita. Esaterako, defentsan konpromisoa edukitzea gura dut: espazioak ganoraz estaltzea, presionatzea, intentsitateagaz jokatzea. Zentzu horretan, Bermeo FTren defentsa lerroa ahalik eta solidarioena izatea nahi dut. Baloia daukagunean, ostera, egoera nahiz arerio bakoitzari egokitutako malgutasuna edukitzea gura nuke: baloia mugituz jokatu behar dugunean edota bertikaltasunera jo behar dugunean, zelan egin jakitea. Bestalde, aurkari modura, azken urteotan ikusi dut Bermeo FT talde oso lehiakorra dela etxean, baina etxetik kanpo kostatu egiten zitzaiola puntuak poltsikoratzea; hori ere lantzen ari gara, edozein zelaitan maila ona edukitzeko.
Futbol maila ona al dago Busturialdean?
Oso ona. Beste toki batzuetako jokalariak distantziak atzera botatzen zituen, Bermeora etortzeko proposatzean, baina eskualde honetan bestelakoa da. Adibidez, Gernika-Lumon futbolari oso duinak daude, eta atsegin handiz jokatuko lukete Bermeon. Horrexegatik zukutu dugu tokiko harrobia.
Aurtengo helburuak zeintzuk izango dira?
Lehenengo eta behin, moldatze behar bat egin behar dugu denok. Nik taldearen idiosinkrasia guztiz ezagutu behar dut, eta jokalariek nik bilatzen dudan joko mota guztiz barneratu behar dute. Hortik aurrera, ahal den gogorren entrenatzen eta Bermeo FTri zelanbait berniz geruza bat ematen saiatuko naiz, batez ere, defentsa alorrean goi mailako taldea izan dadin. Oro har, baloiagaz maila izugarria daukaten jokalariak ditugu, baina hobetzeko alderdi ugari dituzte baloi barik jokatzen dutenean. Horrenbestez, badugu lanerako tarterik.
Eta zelakoa da lan hori egiteko daukazun moldea?
Astean zehar entrenamendu nahiko laburrak baina kalitatezkoak egitea gustatzen zait. Helburua jokalariek erritmo altuak bilatzea da. Intentsitateak, baloi barik jokatzean, gogortasunez defendatzeko balioko digu; baloiagaz gabiltzanean, aldiz, aurkariari antolatzeko astirik ez emateko.
Aurkari txikirik ez dagoen arren, bada nabarmenduko zenukeen talderik?
Guztiek dituzte, orokorrean, lantalde oso sendoak. Boteprontoan, Erandio eta Uritarra KT dira denetatik lehiakorrenak. Horiez gain, Zamudio, Santutxu, Zalla, Derio edota Somorrostro azpimarratuko nituzte. Horiek guztiek daukate ahalmena liga sailkapeneko lehendabiziko hiru postuetan amaitzeko.
Zelan hartu zaituzte Bermeon?
Modu oso atseginean, egia esan. Asko gozatzen ari naiz entrenamendu bakoitza: jokalariek klubarekiko duten atxikidura gustuko dut, eta taldearen inguruko jendeak bikain tratatu nau iritsi nintzenez geroztik. Gauza bera zuzendaritzagaz; ekainean hasi nintzen denboraldi honetako lantaldearen ingurukoak jorratzen, eta hasiera-hasieratik lanerako oso prest igarri ditut denak.
Entrenatzaile lanetan zabiltzanetik, hobetzeko zein alderdi sumatu duzu?
Taldearen izaera aldetik, ez dut hobetzeko ezer igarri: nortasun handiko kideak dira guztiak, eta eguneroko lanagaz duten konpromisoa itzela da. Alde tekniko edota taktikoei dagokienez, konpromiso hori guztiori zelaian ahalik eta gehien islatzea falta da. Jadanik hori lantzen gabiltza, baina baloia ez dugunean zein defentsa lanak egitea suertatzen zaigunean, talde konprometitua izan behar gara nahitaez.
Noiz jokatuko duzue hurrengo partidua?
Asteburuan. Santutxuren kontra jokatuko dugu, etxetik kanpora. Zapatuan izango da, 16:00etan. Talde sendoa, lehiakorra eta estrategikoki oso bertikala da; erritmo handiko jokoa dute, eta, ondorioz, gure prestaketak estilo oldarkor horretara moldatu ditugu. Geure aurpegirik onena erakutsi beharko dugu, garaipenaren borrokan egoteko.