Javier Goitia eta Julen Aranguena, onenen artean Anbotoko Bertikalean
Goitia gernika-lumotarrak laugarren amaitu zuen gizonezkoen absolutu mailan, eta bigarren Euskadiko Txapelketan. Aranguena, aldiz, azkarrena izan da beterano mailan.
Zapatuan, Anboto mendiko aldapek Euskadiko mendi korrikalaririk onenak elkartu zituzten. Anbotoko Kilometro Bertikalaren XIII. edizioa egin zuten, eta goi-mailako partaidetza bildu zen irteera lerroan.
Lasterkariek ogibide benetan gaitza eduki zuten: Atxondoko Arrazola auzunetik Anbotoko tontorrera arteko tartea oinezko bide laburrenetik igo behar izan zuten. Denetara, hiru kilometro eta zortziehun metroko ibilbidea osatu zuten, 1.092 metroko desnibelagaz. Gainera, probako sailkapen orokorraz gain, Euskadiko Txapelketa ere lehiatu zuten. 250 parte hartzaile egon ziren Arrazolako irteeran.
Kategoria absolutuan, Naiara Irigoien eta Aitor Ajuria izendatu ziren Euskadiko Txapeldun. Irigoienek, gainera, lasterketa irabaztea ere lortu zuen. Gizonezkoen kategoria nagusian Anbotora lehenengo ailegatu zena, ostera, Loic Robert izan zen. Robertek eta Irigoienek, hurrenez hurren, 40.45 eta 47.31 minutuko denbora lortu zuten.
Era berean, Javier Goitia gernika-lumotarra eta Julen Aranguena kortezubitarra lehen postuen lehian sartuta ibili ziren, eta emaitza bikainak poltsikoratu zituzten. Goitia laugarren postuan helmugaratu zen, eta Euskadiko txapeldunorde izateko balio izan zion; txapelketa horretako podiuma Markel Urigoitiak osatu zuen, hirugarren amaituta.
Gernika-Lumokoa “podiumaren saltsan ibiltzeko gogotsu” atera zen, eta “pozik” agertu da emaitzagaz: “Nire buruagan zentratu nintzen, segundo gutxiko aldeek asko adierazi dezaketen jakitun; esfortzu oso esplosiboa izan zen, eta denbora ona egitea lortu nuela esango nuke”. Emakumezkoen sailkapenean bigarrena sasoi bete-betean dagoela frogatu duen Oihana Azkorbeitia izan zen; Azkorbeitiak, gainera, emakumezkoen beteranoen titulua irabazi zuen, Maite Zabaletaren aurretik. Bestalde, Aranguena nagusi izan zen gizonezkoen beterano mailan; David Viloraren aurretik irabazi zuen.
Arrolapetarrak, podiumean. Kluben arteko sailkapenean, Aiaramendi Korrikalariak Kirol Klubak goia jo zuen: lehenengoak izan ziren bai emakumezkoen, bai gizonezkoen sailkapenean. Gizonezkoetan, hain zuzen ere, Arrolape Mendi Klubeko partaideak izan zituzten podiumean lagun, bigarren postuan.