Grafitiek irudikatutako paretak
Mikel Aldekogaraik martxan jarritako ekimenak artearen sormen artistikoa sustatu eta herriko gune ezberdinak ezagutarazi ditu hirugarrenez. Artisten kalitatea "sekulakoa" izan dela dio.
Askatasunez eta aire librean sortzearen emaitza da Ibilaldi of Styles. Artea euskarri askotan jaso daitekeenaren seinalea da Gautegiz Arteagako grafitien ibilbidea, eta, areto zein museoetan ez ezik, kalean ere artea ikus daitekeela frogatzeko balio du.
Mikel Aldekogaraik Gautegiz Arteagako Udalagaz batera martxan jarritako ekimena da honakoa, eta artearen sormen artistikoa sustatzeko eta herriko gune ezberdinak erakusteko asmoagaz egin zuten lehenengoz 2017an, eta, bigarrenez, 2019an. Aurtengoa, hirugarren aldia izan da, eta 26 kale artistaren lanek koloreztatu dituzte udalerriko 15 horma.
“Itzela izan zen. Ekimena ibilbide bat egitea denez, ez da jende multzo handirik egon, baina asko izan dira grafitiak ikustera bertaratu direnak”, azaldu du antolatzaileak. Zehaztu duenez, gehien bat familiak izan dira artisten lanak ikustera bertaratu direnak.
Gauean ere, kontzertuetan, jendea batu zela dio Aldekogaraik, eta udalerriko gazteak ere bertaratu zirela azpimarratu du: “Euskal Jaia zen Gernikan, baina udalerriko gazteek ez zuten hutsik egin, eta Agur eta The Riff Truckers taldeen kontzertuak entzutera etorri ziren bertara”.
Artistei euren sormena modu librean garatzeko aukera eman die Aldekogaraik eta oso eskertuta egon direla dio antoltzaileak: “Euren lana zabaltzeko aukera emateagatik eskertuta egon dira. Aurten ez dugu gairik jarri, eta artistek gura zutena margotu dute, nahi zuten moduan, eta hori da onena”. Ondorioz, aurtengo artisten kalitatea “sekulakoa” izan dela azpimarratu antolatzaileak.
Hirugarren edizioaren balorazioa, beraz, “bikaina” izan da, eta aurrerantzean grafitien ibilaldia antolatzen jarraitzeko indarra ematen dio horrek Aldekogarairi. “Jendeari eta artistei eskerrik asko, dena itzela izan da”.
Aurrera begira.
Aldekogaraik adierazi du aurrera begira ere lanean jarraituko dutela, ekimena herriz herri zabaltzea delako asmoa. “Ibilaldi of Styles ekimena zabaltzea, eta artisten lanak herriz herri zabaltzea da nire asmoa. Urtero herri desberdinetan egitea, alegia. Artista gehiagori lekua ematea gustatuko litzaidake. Inork parte hartzeko eskatuz gero, hurrengo edizioetarako eskaerak baloratu eta horren arabera aukeratuko ditugu artistak”, zehaztu du antolatzaileak. Onartu du herri batzuetan proiektua aurkeztu eta baiezkoa jaso duela.