Denboraldiko lehen azterketa serioa Lointek Gernika Bizkaiarentzat
Phantoms Basket Boom talde belgikarraren kontra jokatuko du bihar, Anberesen, EuroCup Women txapelketako atariko kanporaketako joaneko partidua Lointek Gernika Bizkaiak.
Denboraldiaurreko prestakuntzak eta itxaronaldia amaitu zaizkio Lointek Gernika Bizkaiari. Bihar, 20:15etik aurrera, denboraldiko lehen test serioa edukiko dute Ana Montañanaren neskek, Phantoms Basket Boom taldearen kontra, EuroCup Women txapelketako atariko kanporaketako joaneko partiduan.
Lehiaketa horretan jokatzeko sailkatzea egongo da jokoan Anberesen; hori lortuz gero, seigarren aldiz jarraian izango litzateke Gernika-Lumoko taldea Europan. Aurkaria, Phantoms Basket Boom, ezezaguna da Malostekoentzat. Dena dela, belgikarren lantaldeko ezaugarri gorena gaztetasuna dela adierazi dute; jokalari belgikar guztiek 21 urteko adina dute, eta 24ko amerikar bi dituzte.
Taldeko liderra, berriz, Ashlyn Herlihy dela azaldu dute Lointeketik. Jokalari horrek, hain zuzen ere, badaki EuroCup Women txapelketan lehiatzea zer den. Beragaz batera, Jaelencia Williams pibota nabarmendu dute talde gernikarrekoek, barrualdeko jokoaren erreferente nagusi modura.
Gaztetasunaren aurrean, Lointekek txapelketa horretan daukan eskarmentua eta kalitatea baliatu beharko ditu. Malosten jokatuko duten itzulerako partidura “aukerekin” heltzeko, “beldurrik gabe eta saskiratzeak egiteko asmoagaz” jokatuko beharko dutela adierazi dute.