Piriniotar abelbururik onenak izan dira Jon Koldo Bikandirenak
Ganadutegi onenaren sariaz gain, ar eta eme onenaren sariak jaso ditu Bikandik. Hazi jartzearen eme txapelduna Urbizu Berrirena izan da. Guztira, 114 abelburu egon dira.
Urriko Lehen Asteleheneko azoka ospatu dute atzo eta gaur Gernika-Lumon. Urteroko hitzorduak ez zuen hutsik egin, eta Piriniotar Abelburuen Euskadiko 35. Txapelketa lehiatu dute. Atzo egin zituzten epaileek lehen aukeraketak, eta gaur erabaki dituzte sari nagusiak. Hala, aurtengo lehiaketako abelbururik onenak Jon Koldo Bikandirenak izan dira, “euren homogeneotasunagatik”.
Ganadutegi onenaren sariaz gain, eme eta ar onenen sariak ere jaso ditu Iurretako ganadutegiak. Hazi jartzearen eme txapelduna, berriz, Urbizu Berrirena izan da. Aurtengo lehiaketan, 114 abelburu egon dira, “denak ala denak bikainak” epaileentzat.
Jon Koldo Bikandik adierazi du “lan asko” egitea dela sariak jasotzearen gakoa: “Ez dago sekreturik. Sekreturik handiena da lan asko egitea, bai abelburuak aukeratzean, bai horiek prestatzean”. Urte guztian prestatzen eta zaintzen dituztela txapelketetara aurkezten diren abelburuak dio. “Azken hiru hilabeteetan azken ukituak egin behar dira; pentsu ona eman behar zaie, eta ondo zaindu eta paseatu behar dira. Zortea edukitzea ere garrantzitsua da”, adierazi du.
Ganadutegi onena aukeratzerako orduan, abeltzainen beteranotasuna eta produktuaren homogeneotasuna aitatu dituzte epaileek. Eta Bikandiren ganadutegiaren marka propioa nabarmendu dute. “Ganadua ondo aukeratzen dugu, beti saiatzen gara kolore berdintsua daukaten abelburuak ekartzen, gari kolorea dutenak aukeratzen, alegia. Gainera, balioan jartzen dugu adarrek lira forma izatea, oso garrantzitsua da gure ganadutegian”, zehaztu du Bikandik.
Gaurko lehiaketan “maila oso ona” egon dela azpimarratu du irabazleak, eta Nafarroako abeltzain gazteen abelburuak “balio handikoak” izan direla nabarmendu du.
Aitortu du pandemiak eragina izan duela euren abelburuen prestaketan: “Lehen bi urteetan ganadua prestatu eta zaintzen genuen, baina ez genituen paseatzen. Duela lau hilabete hasi ginen horiek paseatzen, eta ohartu ginen ez zirela ondo ibiltzen; urduri geunden”. Hala ere, ondo prestatuta ailegatu dira gaurko hitzordura.
Bikandiren seme Koldo Bikandik aitortu du Gernikako lehiaketa “hitzordu berezia” dela eurentzat, eta azpimarratu du “oso pozgarria” dela horrenbeste jende ikustea.
Orozkoko Leire Amundarainek, bere aldetik, ar gazte onenaren saria eta eme onenaren bigarren saria lortu ditu.
Horrenbestez, lehen sektoreko erreferentzia gune eta herriko behixe arrazaren erakustoki bihurtu da Santa Anako aparkalekua.
Gaztetasuna, abeltzainen artean.
Aurrerantzean ere lanean jarraituko du Bikandik, eta Bizkaiko abeltzaintza egoera onean dagoela uste du. Euren semeak ere afizioa dauka, eta poztekoa dela erreleboa eman ahal izatea dio. Bikandiren semeak txikitatik ezagutu ditu behiak, eta horien artean piriniotarrekin egin du lan: “Txikitatik izan ditut etxean behiak, lehenengo aitonarenak eta gero aitarenak. Suitzako behiak zituen aitonak, baina aitak piriniotarrak ekarri zituen. Nik azken horiekin egin dut lan”.
Abeltzain gazteen presentzia ere nabarmendu dute epaileek gaurkoan: “Abeltzain gazte asko dago eta hori seinale ona da. Horrek esan gura du Euskal Herri mailan gero eta piriniotar arrazako abelburu gehiago daudela”.
Koldo Bilbao lehiaketaren antolatzaileak, bere aldetik, epaileen berbak berretsi ditu: “Jende gaztea egotea poztekoa da, izan ere, hainbat berrikuntza landu dituzte sektorean. Teknologia berriei esker, euren lana zabaltzen dute, eta ikusgarritasuna ematen diote abeltzaintzari”.
Aurten, gazteen presentzia azpimarratzeaz gain, piriniotar abelburuen arraza lantzen urte luzez egindako lana aitortu diete Antonio Agirrebarrenari, Mari Jose Sarastiri eta Juan Mallorari. “Lehenengo biak urtez urte aritu dira piriniotar arrazako abelburuak hezten eta erakusten. Espainiar estatuan zein nazioarteko txapelketetan eta azoketan parte hartu dute, baita Gernikako Urriko Lehen Astelehenean ere. Hainbat urtez egon dira udalerrian. Mallorak ere urte luzez parte hartu du udalerriko azokan, eta aurten hil da. Denak omendu gura izan ditugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Egungo abeltzainen errealitatez ere berba egin dute antolatzaileek. Hala, adierazi dute Ukrainako gerrak eragin zuzena izan duela Euskal Herriko abeltzainengan: “Europako garautegia da Ukraina, eta gerran dago”. Ondorioz, azken urtean abelburuen elikadura kostua bikoiztu egin dela azaldu dute. Gainera, azpimarratu dute elektrizitatearen eta hazi zein ongarrien kostua nabarmen igo dela eta horrek sektorean eragin zuzena izan duela. “Aurtengo lehorteak ere ez die onik egin abeltzainei”, gehitu dute.
“Egia da okelaren kostua ere igo egin dela, eta abeltzainei gehiago ordaintzen zaiela, baina jendarteak okelaren kontsumoa ere murriztu du”, azaldu dute. Egoera horri erreparatuta, abeltzainentzako une “gogorra” dela adierazi dute: “Negozioaren errealitatea kritikoa da”. Hala ere, piriniotar abelburuak hezten dituzten abeltzain gazteak daudela diote, eta hori “positiboa” dela.
Lehen sektoreko lana.
Beti bezala, baserrikoproduktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera eduki dute bertaratutakoek. Izan ere, Lehenengo Asteleheneko azoka 19 ganadutegiko –zazpi bizkaitar eta seina gipuzkoar eta nafar– abelburuan egon zen.
Urtero legez, Label kalitateko piriniotar okela dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek, eta atzo zein gaur jendetza ibili da 30 saltokitan banatutako nekazari eta artisauen eskaintza dastatzen eta ikusten. Hala, asko izan dira herritarrek dastatu dituzten produktuak; besteren artean, txakolina, sagardoa, gazta, ogia eta euskal pastela.