Irastorzaren agur finalean jokatuko du Barandikak
Erkiaga-Irastorza eta Barandika-Lopez dira Hondarribia Grand Slameko finalean elkarren kontra neurtuko diren bikoteak.
Aritz Erkiaga ispastertarrak Hondarribia Grand Slameko finala jokatuko du, profesional modura Hegoaldeko bere azken partidua egingo duen Eric Irastorzagaz batera; Xabi Barandika gernikarra eta Imanol Lopez zumaiarra izango dituzte aurrez aurre finalean.
Irastorza bidartar beteranoak Miarritzen jokatuko du bere azken lehiaketa: Munduko Txapelketa. Hori orduko, baina, Erkiagagaz ariko da Hondarribiako Jostaldi frontoian. Erkiagak eta Irastorzak 13-15 eta 13-15 irabazi zieten zapatuan, finalaurrekoan, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrari eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrari. Jostaldira joandako 500 ikusleek maila handiko partidu berdinduaz gozatzeko aukera eduki zuten.
Bigarren finalerdikoan, Barandikak eta Lopezek garaipen errazagoa lortu zuten Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerika gernikarraren kontra: 15-8 eta 15-9. Barandika eta Lopez nagusi izan ziren; Beaskoetxeak eta Lekerikak, gogor saiatu arren, ez zuten zapatuko finalera sailkatzerik izan.
Bihar egingo dute, 10:00etan, final horretarako material hautaketa, Hondarribian. Bertan egongo dira lau finalistak eta Josi Lertxundi material hautatzailea. Finala 18:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude www.eventbrite.com atarian.