Urte biko etenaren ostean, "Gernika ez dago lo"
Bizkaiko hainbat kantagunetako kideak hurreratu dira Urdaibai Kantaguneak jaurtitako Euskal Jaiko pregoi eta txupin botatzera. Egun osoan zehar giro bikaina egon da Gernikako kaleetan. Merkatu Plazan 500 lagun elkartu dira, herri bazkarian.
Koronabirusaren pandemia egoerak ekarririko urte biko etenaldiaren ostean, euskaldun nortasuna, usadioak, hizkuntza eta folklorea aldarrikatzen dituen Euskal Jaia ospatu dute, gaur, gernika-lumotarrak nahiz ingurutik bertaratutakoek. Etenaldia luze egin da, eta hori begibistakoa izan da eguneko lehen orduetatik; izan ere, Gernika-Lumoko kaleak jendez lepo agertu dira.
Hainbat eta hainbat izan dira egun hau, baserritar jantziak soinean, ospatzera animatu direnak, eta izan dute zer ikusi egun osoan zehar: Gernika-Lumoko Udalak goizetik gauera bitarteko egitarau oparoa atondu du. Etenaldiaren osteko lehendabiziko Euskal Jaiko pregoia botatzeko ardura Urdaibai Kantaguneak eduki du. Piratak Herri Kirol Taldeari testigua hartu diete kantaguneko kideek, eta 12:00etan eguneko hitzordu nagusienetako bateko protagonistak izan dira, Foru Enparantzan.
Pregoian, Gordobil ezizeneko autore batek Gernika aldizkarian argitaratutako poema bat errezitatu dute, egunaren berezitasuna aldarrikatze aldera. “Gernika ez dago lo“, aldarri egin dute lau haizetara. Era berean, “errautsetatik altxatutako Gernika hura” akorduan eduki dute, eta “euskararekiko konpromiso tinkoa” berrestu ere bai. Pregoi eta txupin jaurtitzean egon dira Bizkai osotik bertaratutako abesbatza nahiz kantaguneetako kideak ere, eta Foru Plaza jendez gainezka agertu da.
Halaber, egun osoan zehar musika izan da kaleetako protagonista: trikitilariek, txistulariek edota abesbatzek girotu dute eguna. Herritarrek, bestalde, parada izan dute taloaz eta sagardoaz gozatzeko, besteak beste, Merkurio inguruan ipinitako postuei esker. Postuen kokalekua, gainera, Merkatu Plaza ere izan da: tokiko artisau eta ekoizleen azkoka egon da goizean.
13:30ean, herri kirolek eta Elai Alai Dantza Taldearen emanaldiak hartu dute sona. Jende asko hurreratu da herri kirolariak zein baino zein gehiago lehiatzen ikustera, eta gero Merkuriora egin dute, Elai Alaikoek, kalez kale dantzari ibili ondoren, Erregelak dantzatu dituztelako. Dantza taldea behar handia ari da egiten tokiko dantza zahar horiek berreskuratzeko bidean. Eguerdi aldean, 500 lagunetik gora hartu ditu Merkatu Plazak, bertan egin baitute herri bazkari jendetsua.
“Hemen dago gura ardau gosua” gernikar brindis famatua ahots batez egin ostean, bazkaldu eta kantu giroan aritu dira bertaraturiko denak, Bizkaiko abesbatzetako eta kantaguneetako kideek gidatuta. EinGO taldeak ere emanaldia eman du arratsaldean. EinGO-ri, ostera, Trikizio erromeriak egingo dio txandapasa, eguna borobiltzeko Pasealekuan kontzertua emango baitute gauean.