Urrunketa politikaren amaiera gauzatzeko azken pausoak
Urrunketa politikaren amaiera aurreikusten du Sare orokorrak urte amaierarako. Errealitate horregaz amaitzeko plangintza aurkeztu du gaur Gernika-Lumoko Sarek, "prozesu sozialari amaiera emateko eta erabateko etxeratzea margotzen hasteko".
180 euskal presok gatibu jarraitzen dute –tartean daude Jabi Abaunza, Eneko Goieaskoetxea eta Kepa Arronategi–, 24 iheslari erbestean daude eta 5 dira munduan barrena dabiltzan deportatuak. Hori horrela, “sakabanaketa politika ez dela amaitu” dio Gernika-Lumoko Sarek, “salbuespen neurriek bere baitan jarraitzen dutelako”. Hala, aktibazio sozialean sakontzeko arrazoi nahiko daudela aldarrikatu du gaur, ikasturteko aurkezpenean, eta horretan lan egiteko konpromisoa erakutsi du.
Sare orokorrak publikoki adierazi du urte amaiera honetan urrunketa politikaren amaiera aurreikusten duela, eta errealitate horregaz amaitzeko plangintza aurkeztu du gaur Gernika-Lumoko Sarek: “Sare orokorraren erronka horrekin bat egin nahi dugu, eta oraindik Euskal Herrian ez dauden euskal presoen herriratzea bultzatu gura dugu”. Halaber, gradu progresioetan sakondu eta salbuespen araudia amaitzea sustatuko dutela azaldu dute.
Udalerrian urrunketa politikaren amaierara “gehien” hurbil daitekeen egoera dutela diote: “Eneko Zaballan dago, Kepa Arrasaten eta Jabi Lannemezanen. Gainera, duela ia zortzi ikasturte abiatu genuen dispertsio eta urrunketa politika amaitzearen aldeko aktibazio soziala helburu zuen Ispilue proiektua ere betetzat eman dezakegu”. Ondorioz, urtarrilera bitarteko plangintza marraztu dute, prozesu sozialari amaiera emateko eta “erabateko etxeratzea” margotzen hasteko.
Bi indargune.
Urtarrilera bitarteko bidean, bi une “garrantzitsu” azpimarratu dituzte; batetik, urriaren 8rako deitutako egun osoko hitzordua Donostian, eta, bestetik, Gabonak Gernikan eta Bilbon.
Zehaztu dute Donostiara joteko autobusak antolatu dituztela, eta izen ematea martxan dagoela Arrano tabernan eta Astran. Bi autobus egongo dira, izan ere Donostiatik bueltatzeko bi ordu egongo dira aukeran, bata 18:00etan, eta, bestea, 03:00etan; biak ala biak 10:30ean aterako dira Gernikako bus geltokitik.
Bigarren hitzordu garrantzitsua, berriz, Gabonen testuinguruan kokatu dute, izan ere, “arreta berezia” jarri gura diete abenduaren 31ko Gernikako eta urtarrilaren 7ko Bilboko mobilizazioei.
Gainera, gogoratu dute Biztu Irratiko Sare On irratsaioa abian dutela, eta azaroan ekimen kulturala egitea dutela helburu.
Sarea modu askotan ehun daiteke, eta, horretarako, komunikazioa sustatzea “beharrezkoa” dela diote Sare Gernika-Lumoko kideek. Hain zuzen ere, horregatik ezagutarazi dute gaur ikasturte hasierako plana: “Bai guk geuk izan dezakeguna partekatzeko, bai edonoren jarpenak jasotzeko. Elkar harremana ezinbestekoa da”.