Eduardo Maidagan: "Aurtengo denboraldian Urbieta gotorleku izan behar da berriz"
Gernika-lumotarrak Ohorezko Mailan entrenatuko du, azkenean, Grupo Intxausti -Gernika Rugby Taldea. Denboraldiaurrea amaituta, urriaren 9an hasiko dituzte aurtengo ligako partiduak.
Zelan sumatzen duzu taldea? Estres handiko uda izan da zuontzat, ezta?
Ez da uda erraza izan, baina motibazio eta aldarte aldetik taldea prest dago, denboraldiari ekiteko prest. Kontua da aurtengo taldea, printzipioz, Ohorezko B Mailan jokatzeko diseinatu genuela; beraz, orain presaka eta korrika gabiltza aurtengo lantaldea sendotzen. Atzo bertan jokalari berri bat iritsi zitzaigun, datorren astean beste bat etorriko da, eta urrian zehar hirugarren bat. Orain guztiak erregularizatzeko prozesuan gaude, beraien egoera jokatzeko egokia izan dadin. Posible balitz, osotara 30 jokalariko lantaldea eduki gura nuke: etxeko 19 eta 11 kanpotar.
Denboraldiaurre ona egin ahal izan duzue, hainbeste gorabeheraren artean?
Baietz esango nuke. Ahalik eta talderik lehiakorrena osatu dugu, eta abuztuaren 22an abiatu genuen denboraldiaurrea. Hiru norgehiagoka jokatu ditugu, eta bi irabazi: Zarautzen aurka etxean zein kanpoan erraz gailendu ginen, eta hori gure moralarentzat zeharo positiboa izan zen; Ordiziaren aurka, aldiz, galdu egin genuen. Oro har, pozik nago denboraldiaren ataritan egindako beharragaz, taldearen maila oraindik asko hobetu behar den arren.
Zein aukera ematen dizkizu aurtengo lantaldeak?
Jokalari handiak eta pisutsuak falta zaizkigu, hori begibistakoa da. Hortaz, jokaldiak ahalik eta bizkorren amaitzen saiatuko gara, hau da, arin-arin jokatzen.
Zer emango dute aurtengo fitxaketek?
Taldearen jokoak dituen zuloak estaltzea da helburua. Dena dela, iazko blokeagaz jarraituko dugu, etxeko jokalari gehienek jarraitu egingo baitute aurten.
Zentzu horretan, harrobi lana zutabe lana da, ezta?
Guztiz. Hori bai, ez da kontu erraza. Filosofia aldetik, Ordizia eta Gernika RT dira etxeko jokalariak gehien zukutzen dituzten klubak. Geure kasuan, aitortu behar da taldearen aurrekontuak ere asko eragiten duela.
“Ikusleekin zorretan gaude; iaz ez genuen gure aurpegirik onena erakutsi etxean”
Mailari eusteko ezinegonak zelan eragin die jokalariei?
Ez da kudeatzen erraza: hurrengo denboraldian zein mailatan jokatuko duten ez jakiteak, sarritan, jokalari batzuek alde egitea ekarri ohi du. Zentzu horretan, taldetik guzti-guztiei ahalik eta eskaintzarik onena ematen saiatu gara, proiektu honengan sinesten jarrai dezaten. Horrez gain, zenbaitek nahiago izaten dute bigarren mailako buru izan, lehen mailan sufritu ordez. Hori bai, sufritzen ibili ordez, esan behar da Urbieta ez dela zelai erraza; etxeko partiduetan geure benetako maila berreskuratzen badugu, dena ondo joango delakoan nago. Bestela esanda: aurtengo denboraldian, Urbieta gotorleku izan behar da berriz. Horixe da lehen urratsa.
Lehen partidua Belenos taldearen kontra jokatuko duzue. Zita oso garrantzitsua, hasteko.
Bigarren mailatik igondako taldea da, eta aurten, 21 fitxaketagaz, beren lantaldea asko indartu dute. Belenosen ahulezia, baina, liga berri batean jokatu beharko duela da eta guk, aldiz, ondo dakigula zelan jokatzen den Ohorezko Mailan. Guk argi dugu: urtea ondo hasteko, Belenosen aurkako partidua bai ala bai irabazi behar dugu.
Hortik aurrera, goi-mailako kluben kontra neurtuko zarete.
Ogibide gaitza izango da. Esaterako, Sevillaren kontra jokatuko dugu euren zelaian. Nire ustez, liga irabazteko hautagai nagusia da. Ostean, Cisnerosen aurka ariko gara, eta hori ere ez da makala.
“Urtea ondo hasteko, Belenosen aurkako partidua bai ala bai irabazi behar dugu”
Gogorra behar da izan azarora arte etxetik kanpora jokatu beharra.
Ez da erraza izango, baina egutegia den bezalakoa da, eta aurre egin behar zaio. Guk, geure aldetik, partidu denetan eskura dugun guztia egingo dugu, ahalik eta mailarik handiena emateko.
Ohorezko Mailaz gain, beste txapelketarik lehiatuko duzue?
Errege Kopa lehiatu gura dugu, erraza izango ez den arren. Ligako partidu jakin batzuk Errege Koparako baliogarriak izango dira, eta, horrenbestez, horietan maila onean ibili beharko gara.
Zein izango da aurtengo helburua?
Funtsean, estutasunetatik ahalik eta urrunen ibiltzea; horretarako, jakina, partiduak irabazi eta puntuak poltsikoratu beharra dago nahitaez. Ohorezko Mailari eustea da helmuga nagusia, argi eta garbi; estatuko errugbirik onena egiten den mailan gaude, goreneko kotan, eta sinistuta nago horixe dela geure tokia. Horrez gain, uste dut ikusleekin ere zorretan gaudela: joan den denboraldian, ez genuen geure aurpegirik onena erakutsi Urbietako partiduetan, eta horri buelta eman gura diogu, geure jarraitzaileak ohoratzeko.
Afizioa, hain zuzen, zutabe da, ezta?
Zalantza barik. Ikusleak beti egon dira taldea babesten eta berotasuna erakusten, momenturik gogorrenetan barne. Zentzu horretan, oso eskertuta gaude. Etxeko norgehiagoketan, egundoko elkartasun sentimendua sortzen dute Urbietan, eta kanpoan jokatzen dugunean ere beti daude, gehiago ala gutxiago, gu animatzeko mugitzen direnak. Afizioaren bultzada barik, ezinezkoa suertatuko litzaiguke mailari eustea.
Espainiako Errugbi Federazioko lantaldean aldaketa sakonak egon dira, eta badirudi hoberako izango direla.
Ordezkari aldaketa horiek aspalditik ziren oso beharrezkoak. Federazioan jende berbera egon da 30 urtetan, eta horrek, gure ustez, ez du onura handirik ekarri. Kasurako, Espainiak Munduko Txapelketa jokatzerik eduki ez duen bi aldietan, arrazoi beragatik izan da: gardentasun eta legezkotasun eza.
Denboraldi amaierarako helburu bat sinatu ahalko bazenu, zein litzateke?
Apirilean ziurtatuta izatea hurrengo denboraldian ere Ohorezko Mailan jokatuko dugula. Lasaiago jokatuko genuke azken zatia, eta jokalari gehiagok edukiko lituzkete minutuak.