Bermeoko Udala herriko mapa morea lantzen hasiko da
Eragile eta herritarrekin batera landuko dute mapa morea. Lau lan saio egingo dituzte eta lehenengoa astelehenean izango da, Gizarte eta Kultura Etxean: 17:30ean, gazteleraz, eta 19:00etan, euskaraz.
Bermeoko mapa morea lantzen hasiko da Bermeoko Udala. Lan hori, baina, herriko eragile eta herritarrekin batera egin gura dutela azaldu dute, eta horretarako, lau lan saio antolatu dituzte; lehenengoa astelehenean (urriak 3) bertan izango da.
Udaletik jakitera eman dutenez, ekimen honen helburua da genero ikuspegitik udalerriaren hiri diagnostikoa egitea, hiriko plangintzan eta diseinuan kontuan hartzeko. Diotenez, lan hori egiteko ez dira hirigintzan “adituak” direnak behar. Hala, saioak herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituzten emakume edo gizonezko guztiei zuzenduta daudela azaldu dute, “adina, jatorria eta bizi baldintzak edozein direla ere”.
“Puntu Beltzen Mapa bat baino gehiago da Mapa Morea”, azaldu dute: “Era honetako mapen helburua hiri ingurunea, batez ere, emakumeen segurtasun ezaren ikuspegitik berrikustea izan ohi da. Baina udalerria betaurreko moreekin aztertzeak beste eremu asko ukitzen ditu, gehienetan nahikoa kontuan hartzen ez direnak hiri plangintzan eta diseinuan”. Bermeo hainbat ardatzen arabera aztertzea proposatu da, eta espazio publikoen eta ekipamenduen alderdi negatiboez gain, positiboak ere jasoko direla zehaztu dute.
Lau lan saio egingo dituzte urrian. Denak Gizarte eta Kultura Etxean izango dira, 17:30ean, gazteleraz, eta 19:00etan, berriz, euskaraz. Saio guztiak erabat irekiak dira:
- Astelehena (urriak 3): udalerriaren azterketa segurtasunaren, irisgarritasunaren eta mugikortasunaren ikuspegietatik.
-
Urriak 10 (astelehena): udalerriaren azterketa ongizatean, elkarbizitzan, zainketetan eta kontziliazioan oinarritua.
-
Urriak 17 (astelehena): herriko hainbat espazio eta eraikin publikoen diagnostiko osoa genero ikuspegitik.
-
Urriak 24 (astelehena): epe laburrera Bermeon garatuko diren proiektuei ekarpenak genero ikuspegitik.
Saioetan parte hartzeko aukerarik ez daukaten horientzako galdetegi digital bat ere prestatu dute.