Aukera berdintasuna bultzatzeko sei hamarkadako lanari aitortza
Sei hamarkadaz, desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioaren eta aukera berdintasunaren alde lan egin du Gorabidek, eta boluntario zein elkarteko kideek egindako lan guzti hori aitortu du gaur Gernika-Lumoko Udalak.
60 urte bete ditu Gorabidek. Sei hamarkadaz, desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioaren eta aukera berdintasunaren alde lan egin du elkarteak, eta boluntario zein elkartekoek egindako lan guzti hori aitortu du gaur Gernika-Lumoko Udalak. Gorabideko kideek harrera egitea eskertu dute, eta “laguntzak” aldarrikatu dituzte: “Adimen desgaitasuna dugun pertsonok gainerako pertsonen berdinak izateko laguntzak baino ez ditugu behar. 60 urte daramagu Gorabiden hori egiten, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere”.
Bide horretan, elkarte, boluntario, instituzio eta norbanakoak “eskutik helduta” joan behar direla esan dute: “Horrela bakarrik lortuko dugu gizartea askoz hobea izatea”.
Familiek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da Gorabide, Bizkaiko adimen desgaitasuna duten pertsonei, haien familiei eta erakundeei laguntzeko asmoz sortu zena, “euren bizi kalitatea hobetzeko eta euren eskubideak defendatzeko“.
1962ko irailean sortu zen elkartea, adimen desgaitasuna duten pertsonen senide eta lagunen talde batek elkartea osatuta. 1963an, Ongizatezko Erakunde Partikulartzat onetsi zuten erakundea, eta 1970an Herri Onurako erakunde izandatu zuten. Erakundearen kezka nagusia zen egoera sozial honi buruz kontzientziak piztea eta laguntzarako zentroak sotzea. Eta horretan jardun du hainbat urtetan.
Gaur, Jose Mari Gorroñok ondoetorria egin die, eta alkateak balioa eman gura izan dio Gorabidek gaitasun desberdinak dituzten pertsonekin izandako konpromisoari. “Pozik gaude Gorabide elkartea sendo dagoelako, eta arazoak dituzten pertsonak gero eta hobeto zaintzen direlako”, adierazi du Gorroñok.
Herriaren parte.
Gorabideko arduradunek adierazi dute urte asko igaro direla udalerrian daudenetik eta udalerriko bizimoduan parte hartzen dutenetik. Izan ere, 2006tik Gorabidek lokala dauka Gernika-Lumon. “Desgaitasuna duten 13 pertsonak erabiltzen dute eguneko zentroa, eta hiru profesionalek lan egiten dute bertan”, adierazi du. Zehaztu dute, guztira, elkarteko parte diren 55 familia direla udalerrikoak.
Gorabide elkartearen baitan, gainera, Lantegi Batuak dago, eta Gernika-Lumoko kasuan, 63 pertsonei eskaintzen die lan egiteko aukera, 27 emakumeri eta 36 gizonezkori. “Datu oso garrantzitsua da, jende askok ez dakiena”, dio alkateak.