114 abelburu piriniotar hartuko ditu Urriko Lehen Asteleheneko azokak
19 ganadutegik parte hartuko dute 35. Piriniotar Abelburuen Euskadiko Txapelketan, eta 30 postutan baserriko produktu onenak dastatzeko aukera egongo da.
Bi urteren ostean, Urriko Lehen Astelehenak hartuko du Gernika-Lumo astelehenean, eta Piriniotar Abelburuen Euskadiko 35. Txapelketa lehiatuko dute 114 abelburuk domekan eta astelehenean; 10 dira arrak eta 104 emeak.
Guztira 19 ganadutegik parte hartuko dute, eta, urtero legez, Piriniotar Abelburuen arraza hazten duten abeltzainek abelbururik onenak ekarriko dituzte udalerrira; zazpi gandutegi izango dira Bizkaitarrak eta seina Nafarroakoak eta Gipuzkoakoak. 2019an, 27 abeltzainek parte hartu zuten, aurten baino zortzi gehiagok.
Hala ere, abeltzain gazteen presentzia nabarmendu du Iñaki Gorroño alkateordeak: “Abeltzain gazte asko dago eta hori seinale ona da. Esan gura du bai Euskal Herri mailan zein Espainiar estatuan piriniotar arrazako gero eta gehiago abelburu daudela, zabaltzen doala, alegia”. Gorroñok adierazi du lehiaketaren helburua dela bertoko behienb arraza sustatzea eta zabaltzea, baita hobekuntza genetikoan dauden aurrerapenak erakustea ere. “Estatu mailan okela erabiltzeko erabiltzen diren arrazetatik onena da”, dio alkateordeak.
Koldo Bilbao lehiaketaren antolatzaileak, bere aldetik, Gorroñoren berbak berretsi ditu: “Jende gaztea egotea poztekoa da, izan ere, hainbat berrikuntza landu dituzte sektorean. Teknologia berriei esker, euren lana zabaltzen dute, eta ikusgarritasuna ematen diote abeltzaintzari”.
Abereek hainbat kategoriatan sailkatuta lehaituko dute, eta horien adina, sexua, morfologia, kumea izan duten edo ez, eta erakuslekutik zelan ibiltzen diren ikusita aukeratuko dituzte abelbururik onenak epaileek.
Horrenbestez, lehen sektoreko erreferentzia gune eta herriko behixe arrazaren erakustoki bihurtuko da Santa Anako aparkalekua.
Domekan, 10:00etan zabalduko dute azoka, baina 11:00etan hasiko da abere emeen lehiaketa. Arren lehiaketa, berriz, arratsalderako utzi dute. Bi adituk aztertuko dituzte abereen ezaugarriak, Josu Payasek eta Joseba Jauregik, eta hiru onenak aukeratuko dituzte txapelketaren hamalau sailetan. Astelehenean, epaileek aurrez aurre sailkatutako abere horien artean aukeratuko dituzte behi eta zezen onenak, intseminazioko emerik onena eta ganadutegirik onena.
30 postu.
Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute Santa Anara bertaratzen direnek. Oraingoan, 2019an modura, 30 saltoki egongo dira, eta denetariko produktuak salduko dituzte. Besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela, gazta eta etxean egindako beste hainbeste produktu edukiko dituzte aukeran azokara doazenek. Artisaulanak ikusi eta erosteko aukerarik ere ez da falta izango azoka eremuan.
Aurten, alde batetik, Antonio Agirrebarrena eta Maria Jose Sarasti omenduko dituzte, eta, bestetik, Juan Mallora. “Lehenengoak urtez urte aritu dira piriniotar arrazako abelburuak hezten eta erakusten. Estatu mailako zein nazioarteko txapelketetan eta azoketan parte hartu dute, baita Gernikako Urriko Lehen Astelehenean ere. Hainbat urtez egon dira udalerrian. Mallorak ere urte luzez parte hartu du udalerriko azokan, eta aurten hil da. Denak omendu gura izan ditugu”, adierazi du Bilbaok.
Abeltzainen errealitatea.
Ukrainako gerrak eragin zuzena izan du Euskal Herriko abeltzainengan: “Europako garautegia da Ukraina, eta gerran dago”. Hala adierazi du Bilbaok, izan ere, azken urtean abelburuen elikadura kostua bikoiztu egin dela dio. Gainera, azpimarratu du elektrizitatearen eta hazi zein ongarrien kostua nabarmen igo dela eta horrek sektorean eragin zuzena izan duela. “Aurtengo lehorteak ere ez die onik egin abeltzainei”, gehitu du.
“Egia da okelaren kostua ere igo egin dela, eta abeltzainei gehiago ordaintzen zaiela, baina jendarteak okelaren kontsumoa ere murriztu du”, azaldu du. Egoera horri erreparatuta, abeltzainentzako une “gogorra” dela adierazi du: “Negozioaren errealitatea kritikoa da”. Hala ere, piriniotar abelburuak hezten dituzten abeltzain gazteak daudela dio, eta hori “positiboa” dela.