Ibai Urrutia belendiztarra, Guara Somontano Traileko podiumetik hurre
Bosgarren amaitu du 51 kilometroko lasterketa. Unai Martinek eta Ander Aranzabalek zazpigarren eta hamabosgarren bukatu dute, hurrenez hurren. Proba ‘bizkorra’ izan da.
Zapatuan lehiatu zen Guara Somontano Trail mendi lasterketa, eta bertan izan ziren Arrolape Mendi Klubeko kideak. Ander Aranzabal eta Unai Martin gernika-lumotarrek, Ibai Urrutia belendiztarrak eta Mikel Zabala garaitarrak parte hartu zuten, eta, hain zuzen ere, Urrutia izan zen aurreratuena: bosgarren postuan, podiumetik oso hurre, amaitu zuen 51 kilometroko lasterketa, Vuelta al Sevil izenekoa.
Alquezarren izan zituen irteera eta helmuga probak, eta 51 kilometro horietan 2.400 metro positibodun desnibela gainditu behar izan zuten korrikalariek. Urrutiak adierazi duenaren arabera, lasterketa “oso ederra” izan zen zapatukoa: “Desnibel azpimarragarria eduki arren, ibilbidean zehar oso orekatuta zegoen; Huescako arroiletatik ibili ginen korrika, hiruzpalau arroila desberdin ikusi nituen bidean, eta, pista zatiren bat edo beste ezik, gainontzeko paisaia oso ederra iruditu zitzaidan”.
Era berean, bosgarren sailkatuak azaldu du ibilbidearen gorabeherek ez ziotela galarazi “korrika egitea”. “Kilometroak erritmo handian betetzeko modukoak izan ziren, ia ibilbidearen osotasunean; aukera zegoen bizkor korrika egiteko, eta horrek pentsatzen nuen denbora marka hobetzea ekarri zuen”, argitu du. Belendizkoak proba sei orduren barruan egiteko asmoa zuen hasieran, eta 05.20.14koa poltsikoratu zuen helmugan; Martinek ere erlojua bost ordu eta erditik behera gelditu zuen.
Zatirik gogorrena, amaieran. Sentsazioak “lagun” izan zituen arren, Urrutiak aitortu du ibilbideko sektorerik gaitzena, El Muro izenekoa, hanketan igarri zuela: “Probaren amaiera aldean igo behar izan genuen mendi hori; kilometro eta erdian, 600 metro igo genituen, probaren desnibelaren ia heren bat, eta bertan sufritzea tokatu zitzaigun”.
Halaber, Urrutiak eta bere taldekide guztiek laguntzera joandako denei “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkiete. “Iera, Ziortza eta Judith arrolapetarrak babesa ematen egon ziren, eta oso eskertuta gaude”. Hurrengo helburuez galdetuta, datorren astean Gorbeia Suzien 31 kilometroko proban parte hartuko du Urrutiak, Arrolapeko beste hainbategaz batera. Lasterketa horretan, “iazko denbora hobetzea” izango du jomuga.