Kortezubiko natura eta kultura ezagutzeko ibilbidea
Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du Kortezubik aurten, eta, bisita gidatu didaktiko bat antolatu du, herriko ingurune natural ezezagunena ezagutarazteko: "Kortezubiko alderik ezezaguneneaz, ingurunearen edertasunaz eta balio naturalaz gozatzeko eta bertako historiarik ezagunena ezagutzeko aukera paregabea da".
Santimamiñeko koba eta Omako haran eta basoagatik da ezaguna Kortezubi, baina herriko barnealdea baino ez da hori, izan ere, udalerria Urdaibaiko paduren mugan kokatzen da. Eta, eremu hori ezagutarazteko asmoz, ibilbide gidatu osasuntsua antolatu dute Ondarearen Europako Jardunaldien barnean, domekan.
Kortezubiko Ibilbide Osasungarria 7,76 kilometroko ibilbide zirkularra eta erraza da, bi ordutan egitekoa. Zehaztu dute adin guztientzako jarduera dela, euskaraz egingo dena, eta udaletxeko plazatik abiatuko dena 11:00etan.
Hala, Lexeia Larrañaga biologo, naturalista eta zinemagilearen gidaritzapean, Kortezubiko eta inguruko biodibertsitatea eta ondare naturala ezagutuko dute bisita gidatuetara bertaratzen direnek. Horietan parte hartzeko, baina, izena eman beharko dute barikura bitartean, 09:00etatik 14:00ak arteko ordutegian, 94 625 50 53 telefonora deituta.
“Aurten, gure kultur ondare aberats eta askotarikoa babesteko eta zaintzeko ze pauso egin daitezkeen aztertzera gonbidatzen gaituzte Ondarearen Europako Jardunaldiek, egungo testuinguruan eta aurre egin beharreko ingurumen, gizarte eta ekonomia erronkak gorabehera”, adierazi du Karmele Jaio Kortezubiko alkateak.
Azpimarratu du Kortezubi Urdaibaiko paduren eremuan dagoela kokatuta, Biosferaren Erreserbaren bihotzean, eta herriko muga naturalak artadi kantauriarra eta padurak direla: “Biodibertsitate aberatsa duen landa udalerria gara. Gure ingurune naturala bizi iturri jasangarria izan da, gure baserritarrek aprobetxatzen jakin dutena, eta gure herriaren eta gure herri kulturaren garapenerako giltzarria”.
Gainera, adierazi du naturgunetik egingo duten bisita osasuntsua izango dela, izan ere, “ibiltzea osasuna” dela dio, “fisikoa zein mentala”. Hain zuzen ere, zehaztu du premisa horretatik abiatuta prestatatu eta diseinatu dutela ibilbidea, “edonork goza dezakeena”.