Irudiek beteko dituzte Gautegiz Arteagako hormak
Udalak eta Mikel Aldekogarai artistak martxan jarritako ekimenak artearen sormen artistikoa sustatu eta herriko gune ezberdinak ezagutarazi gura ditu hirugarrenez. Egonaldia girotzeko kontzertuak eta gazteentzako tailerra egongo dira zapatuan.
Ibilaldi of Styles ekimenak irudiz jantziko ditu Gautegiz Arteagako kale eta txokoak, hirugarrenez. Oraingoan, 26 kale artistaren lanek koloreztatuko dituzte udalerriko kaleetako hormak, eta herritarrek arteaz gozatzeko aukera edukiko dute asteburuan. Lehenengo edizioa 2017an izan zen, eta bigarrena 2019an; 26 eta 35 artistek parte hartu zuten horietan.
Mikel Aldekogaraik Gautegiz Arteagako Udalagaz batera martxan jarritako ekimena da honakoa. Elkarlanean, artearen sormen artistikoa sustatzeaz eta herriko gune ezberdinak erakusteaz arduratuko dira artistak zapatuan eta domekan, herritarrei zein kanpokoei udalerriko txoko ezkutuak ezagutaraziz.
Guztira, 15 horma margotuko dituzte, eta artistak “gogotsu” daudela dio Aldekogaraik: “Artistak desiatzen daude etortzeko eta euren lanak egiteko. Denak daude prest. Hormairudi batzuk taldeka egingo dituzte, eta beste batzuk, berriz, banaka”. Aurtengo artista gehienak Euskal Herrikoak dira, baina Malagatik zein Bartzelonatik etorritakoak ere egongo direla dio: “Aurten, grafitiak baino gehiago, street art mugimendua garatu gura dut. Irudi apaingarriak landu, alegia”.
Marrazkiak zuzenean marraztuko dituzte, eta hurrengo hauek izango dira egileak: Lalone, OSG, Trazafat, Aupa, Oana, Sweety, Kero, Eslicer, Decima, Nexgraff, Juansen, Neskita, Pablo Astrain, Shore, Siakone, Roke, Sinpa, Eik, Belar, El Joel, Martz, Fuker, Mai, Moro, As11, Smoke Signals Studio, Ropeonza eta Kush.
Ibilaldi of Styles antolatzerakoan herritarrengandik zein udalagatik jasotako babesa azpimarratu du antolatzaileak, izan ere, euren bultzadarik barik ezingo lukeela halako ekitaldirik antolatu adierazi du: “Herritarren babesik barik ezingo nukeen ezer egin. Udalak eta herritarrek babesa adieraziko ez balidate, ez zen egongo grafitien ibilbiderik. Herritarrentzako da, eta eurek onartu eta gustuko dutelako jarraitzen dugu egiten”.
Udalak grafitia gazteen intereseko artea dela uste du, baita bisitariak erakartzeko baliogarria dela ere: “Gu ezagutzera emateko modurik onena da herria artearen sustatzaile izatea”. Izan ere, aurreko edizioetan, ibilbide gidatuak antolatu izan dituzte hormairudiak ezagutzeko, eta aurten ere berdina egitea dela asmoa adierazi du Aldekogaraik. “Herritarrentzako bisita gidatuak antolatzen ditut, irudiak azaltzeko, eta harrera ona izaten dute. Azalpenak entzunda ulertzen dira marrazkia. Museo batera bakarrik joanez gero, baliteke obra bat ez ulertzea; berdina gertatzen da kasu honetan”, gehitu du.
Ekimena borobiltzeko, zapatuan, 12:00etatik 13:00etara bitartean, gazteentzako grafiti tailerra eskainiko dute herriko plazan; Wolfk eta Rope izango dira maisuak. Egonaldia girotzeko dj-ak egongo dira parkean, eta, 20:00etatik aurrera, The Riff Truckers taldearen eta Agur taldearen kontzertuak egongo dira Aberasturi apartamentuen atzeko zelaian. “Lekua aldatu dugu, jendea gehiago batzeko eta elkartzeko. Izan ere, parkea oso handia da, eta handi geratzen da espazioa kontzertuetarako. Ez daukagu azpiegitura handirik, eta leku txiki batean bateratuago sentiaraztea da asmoa”, azaldu dute.
Aurrera begira.
Aldekogaraik adierazi du aurrera begira ere lanean jarraituko dutela, ekimena herriz herri zabaltzea delako asmoa. “Ibilaldi of Styles ekimena zabaltzea, eta artisten lanak herriz herri zabaltzea da nire asmoa. Artista gehiagori lekua ematea gustatuko litzaidake. Inork parte hartzeko eskatuz gero, hurrengo edizioetarako eskaerak baloratu eta horren arabera aukeratuko ditugu artistak”, zehaztu du antolatzaileak.
Onartu du herri batzuetan proiektua aurkeztu eta baiezkoa jaso dutela, baina horren berri beranduago jakinaraziko du Aldekogaraik.