Inoizko jarraipenik onena eduki du Musikean musika klasikoko zikloak
Barikua eta martitzena artean egin dituzte kontzertuak, Eskolondon. Zapatukoa izan da jendetsuena. Antolakuntzaile eta babesleek balorazio ‘zeharo positiboa’ egin dute.
Musikean zikloak Ea musika klasikoaren epizentro bihurtu du joan den barikua eta martitzena bitartean. Antolakuntza lanetan ibili den Agustin Bergararen arabera, aurtengo edizioa “zeharo arrakastatsua” izan da. “Emanaldi denetara Eako eta kanpoko jende pila bat egon da, eta gure aurreikuspenik itxaropentsuenak ere gainditu egin ditu aurtengoak; kontzertu guztietan 120 lagunetik gora bildu dira, eta zenbaitetan aulki gehigarriak ere ipini behar izan ditugu”, azaldu du.
Zikloko egun gorena, Bergararen ustez, zapatua izan zen, 150 ikusletik gora agertu baitziren Haizea Lorenzo sopranoaren eta Itxaso Sainz de la Maza piano-jotzailearen emanaldira. Horrez gain, Bergarak argitu du domekako saioa, Oreka Reed Quintet boskotearen kontzertua, izan da arreta deitu zuenetako bat: “Boskotea izanda, zikloaren bikote edo hirukotekako egituragaz apurtu zuen, eta, gainera, oso erakargarria izan zen musikariek ikusleekin izandako zuzeneko hartu-emana ere”. Bodskoteko musikariek, hain zuzen, beraien kontzertua “istorio batean oinarrituriko performance antzeko bategaz uztartuz” jo zuten, eta ikusleak “zur eta lur” utzi zituen, Bergararen iritziz.
Barikuan, Aitor Aburto klarinete-jotzaileak eta Javier Alciturri pianistak abiatu zuten egitaraua, eta jadanik Eskolondo ikuslez bete zuten: “Bakioko jaialdi batean ezagutu nuen bikote hori, eta hasiera-hasieratik argi eta garbi izan nuen ondo funtzionatuko zuela; halaxe izan zen, jendeak behin eta berriz erakutsi baitzien beren esker ona“. Zapatuan, ostera, Haizea Lorenzo sopranoak ikus-entzuleen arreta osoa bereganatu zuen, Eskolondon. “Egundoko ahotsa duela frogatu zuen, musikari oso gaztea izan arren”, adierazi du zikloko koordinatzaileak. Gehiagorako gosez geratu zirenek, gainera, martitzenean asetu zuten beren nahia. Izan ere, programazioa atzo zarratu zuten, pareko emanaldi bategaz: Ana Sagastizabal sopranoa eta Joana Otxoa de Alaiza pianista taularatu ziren.
Egonkortzea, helmuga. Aurtengo egitarauaren balorazio “guztiz positiboa” eginda, Bergarak argi utzi du datorren urterako erronka: “Eako Udalagaz eta HEA elkarteagaz lanean segituz, zikloa denbora gehiagogaz atondu gura nuke, Eako kultur programazioaren barruan egonkortuta geratu dadin”.