Inoizko jarraipenik handiena izan du Mundakako 31. Udazkeneko Eskubaloi Txapelketak
Uste baino jende gehiago bildu du Mundakako 31. Udazkeneko Eskubaloi Txapelketak. Partidu berdinduak eta ederrak izan direla adierazi dute antolatzaileek, eta balorazio oso positiboa egin dute.
Markak apurtu ditu aurtengo Mundakako Udazkeneko Eskubaloi Txapelketak. Inoizko jende gehien erakarri du txapelketaren 31. aldiak. Antolatzaileek 200 lagun inguru hurreratzea aurreikusten zuten arren, ikusle dezente gehiago bertaratu ziren Isla Kale kiroldegira. Horietako asko eta asko mundakarrak edota inguruko udalerrietakoak izan ziren, baina, era berean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako txoko ugaritatik ere joan ziren, Leitzaran, Urduliz nahiz Eharialdea taldeei babesa eman asmoz.
Antolatzaileek txapelketaren irakurketa “guztiz positiboa” egin dute: “Uste genuena baino jende gehiago hurreratu zen txapelketara, giro bikaina egon zen zapatuan nahiz domekan, eta zeharo asebeteta amaitu dugu”. Asteburuko partiduetako batzuek “bereziki jende gehiago” erakarri baldin bazuten ere, oro har, denetan egon ziren ikusleak. Zapatuan, ume mailakoek abiatu zuten egitaraua, eta Urdaibai nagusitu zen.
Jarraian, gizonezkoen kadete mailakoek jokatu zuten, eta kategoria horretan ere etxeko taldea gailendu zen. Nesken artean, ostera, hiru partidu jokatu zituzten, eta Urdaibai horietako bitan nagusitu zen; hirugarrena Eharialdearentzat izan zen. Gazte mailan, Urduliz izan zen dominatzailea: gizonezkoetan zein emakumezkoetan irabazi zuten. Nagusi mailan, aldiz, lehia handia egon zen. Emakumezkoen partiduan ere Urduliz irabazle suertatu zen arren, gizonezkoetan Eharialdea izan zen garailea.
Maila handia. Antolatzaileak, bestalde, “pozarren” agertu dira taldeek erakutsitako jokoaren aldetik ere: “Emakumezkoen gazte mailan, Euskal Ligako jokalariek parte hartu zuten, eta horrek asko baldintzatu zuen jokoa; gainontzeko partiduak, berriz, dibertigarriak, estuak eta oso lehiatuak izan ziren”. Beste alde batetik, Urdaibai Eskubaloi Taldeak postu bat atondu du asteburu osoan zehar, eta bertan salgai ipini dituzte arinagoko denboraldietako kamisetak; postu horrek ere jende ugari erakarri zuen.
Hurrengo urtera begira, txapelketagaz jarraitzea espero dute, gogotsu geratu baitira: “Oso pozgarria izan da aurten jendeak emandako harrera zein beroa izan zen ikustea; dena dela, datorren urtean gaitza izango da aurtengoa hobetzea”.