Iazko bisitari kopurua % 20 hobetzea aurreikusi du Turismo Bulegoak
Irailera arte, 38.000 bisitari igaro dira Gernika-Lumoko Turismo Bulegotik.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak 38.000 bisitari baino gehiago jaso ditu urtarriletik irailera bitartean. 2021ean, berriz, 35.208 bisitari hartu zituen urte guztian, eta, aurten, datu horiek % 20 hobetzea aurreikusi du Turismo Bulegoak.
Udalerriko turismo arduradunek zehaztu dutenez, iazko udako bisitarien %14 izan ziren Espainiar estatutik kanpokoak, baina, aurten, datua “nabarmen” igo dela adierazi dute; izan ere, bisitarien %33 izan dira Espainiar estatutik kanpo bizi direnak. Bisitari gehienak Frantziatik, Belgikatik, Alemaniatik, Italiatik eta Holandatik bertaratutakoak izan dira.
Espainiar estatutik etorri direnei dagokioenez, Kataluniatik, Madrildik, Valentziatik eta Andaluziatik bertaratutakoak izan dira gehienak. Nabarmendu dute Gaztela-Mantxatik ere “asko” hurbildu direla: “Gaztela-Mantxako tenperatura altuak direla eta, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba helmuga erakargarri bihurtu dira berotik ihes egiteko”.
Donejakue bidea egiten ari diren erromesak ere ugariak izan direla azaldu dute, uztaileko eta abuztuko bisitarien % 14 izan direlako horiek. Nabarmentzekoa da, gainera, taldekako bisitak ugaritu direla, taldeka 1.278 pertsona baino gehiago bertaratu direlako.