Gym Berdea proiektua aurkeztuko dute etzi, Eskolodon
Egitasmoak jarduera fisikoa, osasuna eta naturaren ezagutza sustatzen ditu, eta, gainera, aukera ematen du parte hartzaileen arteko harremanak estutzeko.
Gym Berdea proiektu berritzailea aurkeztuko dute, etzi, 17:00etan, Eskolondon. Egitasmoak jarduera fisikoa, osasuna eta naturaren ezagutza sustatzen ditu, eta, gainera, aukera ematen du parte hartzaileen arteko harremanak estutzeko.
Izan ere, aire zabaleko gimnasioa da Gym Berdea, osasuna sustatzeko gunea, lorezaintza ekologikoa ikasteko tailerra, eta herria edertzea helburu duen proiektua. “Naturaren hurbiltasunetik eta sustapenetik lorategian eta basoan lan egitean lortzen diren onurekin bat dator egitasmoa. Ongizate pertsonala lortzen dugu, eta, aldi berean, aktiboki inplikatzen gara gure herria edo auzoa edertzen”, azaldu dute Besaiako bultzatzaileek.
Parte hartzaileen konpromisotik abiatuta, talde egonkorra sortzen dute, astero, urtean zortzi hilabetez. Eta, zehaztu dutenez, esku hartzeak eta ingurumena eta basoa lehengoratzeko ekintzak egiten dituzte. “Ariketa fisikoa, ikaskuntza teorikoa eta praktikoa, lurrarekiko kontaktua eta harreman pertsonal positiboak dira proposamena osatzen duten elementuak. Adin, lanbide, kultu eta ideologia desberdinetako pertsonak biziberritzeko proposamena da”, gehitu dute.
Etziko aurkezpenera joan ezin duenak 699 73 98 51 telefono zenbakira deituta lor dezake informazioa.