Estutasunez irabazitako San Mateo Txapelketa Arrizabalaga eta Capellanentzat
Olatz Arrizabalagak eta Andrea Capellanek San Mateo txapelketa irabazi dute, 22-20, Amaia Aldai eta Itxaso Erasunen kontra, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. 3 Hiriburuak txapelketa izango da beraien hurrengo helburua.
Olatz Arrizabalaga aurrelari gernika-lumotarrak eta Andrea Capellan atzelari errioxarrak San Mateo esku pilota txapelketa irabazi zuten zapatuan, Logroñoko (Errioxa) Adarraga pilotalekuan, Amaia Aldai dimoztarraren eta Itxaso Erasun zizurkildarraren kontra.
Final estua izan zen, 20-20ko markagailura iritsi baitziren bi bikoteak. Azken txanpan, baina, Aldaik eta Erasunek huts egin zuten, eta Arrizabalagak eta Capellanek ez zuten lehiaketa irabazteko aukera galdu; 22-20 amaitu zuten, azkenean.
Arrizabalagak adierazi du bi bikoteetako edozeinek merezi izan zuela garaipena, eta, markagailuaren estutasun horretan, Aldai izan zela partiduko gakoa: “Norgehiagokaren lehendabiziko zatian indartsu, seguru eta maila oso onean ibili ginen, baina, Aldaik jokoan sartzea lortu zuenean, gauzak asko zaildu zizkigun, eta amaieran asko sufritu genuen; maila eta joko aldetik, bi bikoteetako edozeinek irabazi aha izango zuela uste dut”.
Zentzu horretan, Gernika-Lumoko aurrelariak azaldu du Adarragako ikusleek “bultzada handia” eman zietela: “Capellan etxeko pilotaria izanda, ikusleak geure alde izan genituen zelanbait, eta horrek indar handia transmititu zigun; Adarragara jende ugari hurreratu zen eta, oro har, giro bikaina egon zen partidu osoan zehar”.
Udak utzitako sasoi puntu onagaz, Arrizabalagaren hurrengo helburua Bizkain, Araban eta Gipuzkoan lehiatuko duten 3 Hiriburuak txapelketa izango da. “Domekan hasiko dugu, Ogetan, eta oso gogotsu hartzen dut; pozgarria da hiriburuek emakumezkoen pilotaren alde apustua egin dutela ikustea, eta maila oso onean iritsiko naiz”.
Gainera, Capellan bera izango du berriro ere bikote, eta hori, asteburuan Errioxan jokatu berri egonik, “aldeko puntua” dela uste du: “Ondo dakigu interesatzen zaigun jokoa zelakoa den eta, ondorioz, frontoian oso ondo ulertzen dugu elkar. 3 Hiriburuak-en gailentzeko hautagaitzat har gaitzatela esango nuke, maila handian gaudela frogatu baitugu”.