Eguraldi txarrari aurpegi ona erakutsi diote XII. Forutik Forura martxan
XII. Forutik Forura martxak 145 parte hartzaile elkartu ditu. Aurtengo berritasun nagusia Haitz Biribil mendira igotzea izan da, eta martxalariek begi onez hartu dute.
Forutik Forura mendi martxaren XII. edizioa egin zuten atzo (irailak 25). Foruko Haitz Biribil elkarteak antolatuta, hainbat eta hainbat mendizale elkartu ziren goizeko lehen ordutik, eta giro ederra nagusi izan zen elkarte aurreko eremuan. Antolakuntzak mendizale guztien profilera egokituriko ibilbide bi diseinatu zituen, 10 eta 21,5 kilometrokoak, eta biek ala biek harrera “oso ona” eduki zutela argitu dute. Martxa luzeak, gainera, aurtengo berritasun nagusia eduki zuen: martxalariek elkarteari izena ematen dion Haitz Biribil mendiaren tontorra ezagutu zuten.
Guztira, 145 mendizale elkartu ziren domekan. Parte hartzaileen arteko oreka nagusitu zen bi ibilbideetan; izan ere, ibilbide luzera 68 animatu ziren, eta 67, aldiz, martxa laburrera.
Ibilbide biek hasiera berbera eduki zuten, eta banaketa Baldatika auzoko anoa postuan egin zen. Gune horretan, hain zuzen ere, aldarte atsegina eta herrikoia nabarmendu ziren. Ondoren, martxa luzekoek aipatutako zonalde berrirantz, Haitz Biribilerantz, jo zuten; laburrekoek, ostera, Foruko herrigunera itzulera beste bidezidor batetik egin zuten.
Zerura begira. Antolatzaileak “arduratuta” agertu ziren, atzoko aginduta zegoen aro petralagatik, baina azkenean parte hartzaileei “dezente” errespetatu ziela azaldu dute: “Goiz erdira arte, eguraldia lagun eduki genuen, baina, azken zatian, apur bat busti ere egin ginen”.
Ibilbidean egindako aldaketei dagokienez, parte hartzaileek begi onez hartu dituztela eta “oso pozarren” azaldu zirela adierazi dute. Beraz, mendi martxaren balorazio “oso positiboa” egin dute. Hori dela eta, datorren urteko martxan “sorpresa gehiago” egotea aurreikusten dutela azaldu dute.