Ruzafa eta Mairhofer, Europako txapeldunak Bermeon
Europako Triatloi Txapelketan elite mailako proban gailendu dira Ruben Ruzafa eta Sandra Mairhofer. Junior mailan, bestalde, Riccardo Giuliano eta Isla Hedley nagusitu dira.
Bermeok Bilbao-Bizkaia Europako Triatloi Txapelketako bigarren jardunaldia hartu zuen atzo. Egun osoan zehar, kros traitloiko probez gozatzeko aukera bikaina eduki zuten herritarrek eta bertaratu ziren guztiek; gainera, Europa mailako triatletarik puntuakoenak zein baino zein gehiago aritu ziren, diziplina horretako onenaren saria jokoan baitzegoen. Adin taldeak eta paratriatloia izan ziren bigarren etapa zabaldu zuten kategoriak, eta lehendabiziko unetik lehia bizia igarri zen.
Dena dela, kategoria nagusian eta gazteen proban bizi zituzten hurreratu zirenek lehiarik estuenak eta zirraragarrienak. Kategoria nagusian, izan ere, borroka gogorra egon zen gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan eta traitletek onenak eman behar izan zituzten hiru trantsizioei aurre egiteko. Lehenengo eta behin, kilometro bateko igeriketa saioa egin zuten portuan; ondoren, mendi bizikletako bi itzuli egin zituzten, 24’6 kilometroko distantziadun ibilbidea osatzeko; azkenik, beste bi itzuli eman behar izan zizkioten trail ibilbide bati eta horren ondoren harrapatu zuten helmuga, 7’4 kilometro egin ondoren.
Ruben Ruzafa espainiarra eta Sandra Mairhofer italiarra nagusi agertu ziren kategoria nagusi horretan. Ruzafa, 01.50.52ko denboragaz, jaun eta jabe agertu zen Kevin Tarek Vinuela selekziokidearen aurretik; Vinuelak 01.53.35ko denbora egin zuen. Podiuma Pello Osoro gipuzkoarrak osatu zuen, hark ere espainiar selekzioagaz, 01.54.06ko denboragaz. Emakumezkoen artean, Mairhofer italiarrak triskantza are handiagoa sortu zuen hasiera-hasieratik, garaipen sendoa lortzeko. Italiarrak, hain zuzen ere, proba horretako protagonista nabarmenenak izan ziren. Podiumean baina, Margareta Bicanova eslovakiarra (02.12.10eko denboragaz) eta Marta Borbon espainiarra (02.12.19koagaz) sartu ziren, ia-ia ezustean.
Dena dela, Italiako Selekzioak ez zuen nahikoa izan, eta kros triatloiko atletek Europako Txapelketara goi mailan iritsi direla frogatu zuten. Gizonezkoen gazte mailan, garaipena eta hirugarren postua lortu zuten, hurrenez hurren, Riccardo Giuliano eta Niccolo Sancisigaz. Lehenengoak 58.42an gelditu zuen erlojua, eta podiumeko azken postua lortu zuenak, aldiz, 01.00.12an. Bien tartean Oscar Lilja suediarra sailkatu zen, 59.44ko denbora eginda. Emakumezkoen artean, Erresuma Batuko Isla Hedley nagusitu zen, 01.09.11ko denboragaz; podiumean Solene Marnoni frantziarra eta Luisa Miranda portugaldarra eduki zituen albo banatan. Marnonik, bigarren sailkatuak, 01.10.46ko denbora behar izan zuen; Mirandak, ostera, 01.16.21koa. Gazteek proba nagusikoen lan erdiak egin behar izan zituzten: kilometro erdia igerian, 12’3 kilometro txirrinduan, eta 3’7 kilometro korrika.
Aipatzekoa izan zen, bestalde, aipagarria izan zen adin taldeetan lehiatu zen Joseba Arruza bermeotarrak egindako proba. Arruzak, helmugara heldu zenean, ikurriña atera zuen. Keinu horregaz bat egin zuen ordu batzuk lehenago Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea egin zuen Gu ere bai kolektiboak.