Muxikatik Gernikarainoko bidegorria eskatuko dute bihar
Kotxerik Gabeko Eguna atzo izan zela aitzaki hartuta, Urretxindorra herri eskolako Guraso Elkarteak irteera bat antolatu du biharko, eta bidegorria eskatzeko aldarria kaleratuko dute. 10:30ean jarri dute hitzordua Kurtzeron.
Kurtzero eta Gernika-Lumo lotzeko bidegorria eskatuko dute muxikarrek. Kotxerik Gabeko Eguna irailaren 22a dela eta aitzaki hartuta, Urretxindorra herri eskolako Guraso Elkarteak irteera bat antolatu du biharko, eta bidegorria eskatzeko aldarria kaleratuko dute gazte zein helduek. 10:30ean jarri dute batzeko hitzordua Kurtzeron.
Kotxerik Gabeko Egunaren harira, Kurtzerotik Elizalderainoko bidea egin ohi izan dute urtero, baina tarte horretako bidegorria eginda dagoenez, Muxika eta Gernika-Lumo batuko dituen bidegorria eskatuko dute oraingoan. Kurtzerotik Araneko gasolindegirainoko bidea da aldarrikatuko dutena.
Izan ere, tarte horretako bidegorria egiteko eskaera aurkeztu du Muxikako Udalak Bizkaiko Foru Aldundian. “Gernikako bidegorriagaz Muxikako bidegorriak bat egiteko proiektua eskatu genuen aldundian. Orain, Errepide, Trenbide eta Aireportuen sailagaz geldituta gaude proiektua aurrera eramateko”, azaldu du Begoña Enbeita Muxikako alkateak.
Dioenez, muxikarrak Gernika-Lumora kotxerik barik ailegatzeko eta bide hori seguru egiteko aukera da bidegorria, eta hala adieraziko dute bihar bizikletaz, oinez, patinekin, skate gainean edota korrika.
Gaur gaurkoz, Astelarra, Zabale, San Roman, Elizalde eta Kurtzero bidegorri batek lotzen ditu, eta horiek Gernika-Lumogaz lotzea da asmoa.” Gernikako bidegorria gauzatuz gero, Muxikako bost auzo Gernikagaz bat eginda geratuko lirateke”.
Gernika-Lumo eta Muxika bidegorriagaz batzea “oso garrantzitsua” da alkatearen berbetan, izan ere, asko dira handik egunero igarotzen diren kotxeak: ” Daukagun trafiko guztia saihesteko aukera egongo litzateke. Gernikatik Muxikarainoko arteko bidea oinez zein bizikletaz egin daiteke, baina ez da segurua, bidea kotxez beteta egoten delako. Datuei erreparatuz gero, 14.000-15.000 kotxe igarotzen dira bide horretatik egunero. Bidegorriagaz, bizikletaz zein oinez egiteko aukera egongo litzateke”. Hala, herritarrei Kotxerik Gabeko Egunagaz bat egiteko deia egin du alkateak, “gas emisioak murrizteko”.