Kluben arteko Euskadiko Arrantza Txapelketa, bihar, Bermeon
Kluben arteko Euskadiko Arrantza Txapelketak 15 talde elkartuko ditu, eta bost orduko iraupena izango du. Antolatzaileak eguneko haizeari begira daude, proba baldintzatu baitezake.
Bihar kluben arteko Euskadiko Arrantza Txapelketa egingo dute Busturialdeko uretan. Bermeoko Izaro Sub elkarteak antolatu du lehiaketa, eta bertan hiru partaideko hamabost talde zein baino zein gehiago ariko dira. Euskadiko Txapelketak bost ordu inguruko iraupena edukiko du: 09.00etan hasiko da, eta 14:00ak aldera amaitu
Parte hartzaileek Matxitxakotik Ogoñora bitarteko kosta eremuan egin beharko dute arrantza, eta onenak sarituak izango dira. Hain zuzen ere, txapelketako talde irabazleak txapela eskuratuko du, eta podiumean lagun egingo dioten gainontzeko bi taldeek, ostera, garaikurra jasoko dute. Horrez gain, arrainik handiena arrantzatzen duen taldeak ere beste garaikur bat irabaziko du. Era berean, parte hartzaile guztiek kamiseta bat jasoko dute opari. Euririk ezean, Bermeoko portuko Olatua eremuan egingo dute sari emate ekitaldia.
Eguraldiaren zain. Antolatzaileak eguraldiaren zain daude, giro nahiko petrala baitago aurreikusita. Haizearen indarrak gora egin du azken orduetan, eta aurreratu dute hori “nahiko gogaikarria” izango dela parte hartzaile guztientzat; dena dela, iragarrita dagoena “arrantzarako nahiko egokia” den haizea dela azaldu dute, eta, beraz, proba egitea ez dago arriskuan, gaur-gaurkoz.