Ofizialtasuna aldarrikatu dute Europako Triatloi Txapelketan
Gure ere bai plataformako kideek Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea egin dute Bermeon, Europako Triatloi Txapelketako etapa bertan egin dela probestuz.
Bermeok Bilbao-Bizkaia Europako Triatloi Txapelketako bigarren jardunaldia hartu du gaur, egun guztian zehar. Europa guztitik bertaraturiko hainbat eta hainbat kirolari zein jarraitzaile Bermeoko kale nahiz portu inguruan ibili dira, kategoria desberdinetako probak ikusten. Horiekin batera, baina, Gu ere bai plataformako kideek elkarretaratzea egin dute, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eta selekzio nazionalaren legezkotasuna eskatzeko.
Lameran, Harrizko Bankuan, elkartu ziren hainbat herritar, ikurrinak nahiz pankarta eskuan dituztela eta Euskal Selekzioaren kamiseta soinean dutela. Harrizko Bankutik pilotaleku ingurura egin dute, hain zuzen ere, paralinpikoen kategoriako parte hartzaileak igeriketa trantsiziotik lehorreratzen diren gunera. Bertan, ikusle, herritar zein kuxkuxero guztiek ikusi eta entzun ahal izan dituzte beraien aldarrikapenak.
Gu ere bai plataformakoek azaldu dute Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapenek “egun dutena baino askoz indar handiagoa” eduki beharko luketela eta, horrez gain azaldu dute Bermeoko atzoko triatloi probak ez direla “tokiko nortasunaren inongo erakusleak”: “Proba hauek antolatzeko orduan, herritarrei ez zaie inongo kontsultarik egin, hau da, aldabakarreko erabakien bitartez antolatu dituzte”.
Goitik beherako antolaketa. Gu ere bai-koek adierazi dute Europako Triatloi Txapelketako Bermeoko etapa moduko egitasmoak “herritarren parte hartzeagaz edo, behintzat, oniritziagaz” antolatu behar direla, “eta ez goitik beherako sistemagaz”.
“Euskal Herriaren marka saltzeaz” gain, tokiko bizitza aintzat hartu beharra dagoela argitu dute aldarrikatzaileek: “Gu geu gara ikurriñak edo, sikiera, hemengo nortasunaren erakusgarriren bat daramatzaten bakarrak; gainontzean, Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren edo enpresa handien hetero-markak baino ez dira ikusten, baina gero Euskal Herriaren izena lau haizetara darabilte antolatzaileek; hori hipokrita iruditzen zaigu”.
Bermeoko etapak sorturiko “trabez eta ganorazko antolakuntza faltaz” ere mintzatu dira Gu ere bai-koak: “Portu Zaharraren inguruko auzotarrek, esaterako, galarazota eduki dute egun osoan autoa mugitzea; herriaren erdigunean, bestalde, modu desegokian erregulatu dute trafikoa. Oro har, hau antolatzeko beste modu bat bazegoela uste dugu: aurreikuspen handiagoagaz, herritarren nahiak entzunda eta inor kanpoan utzi barik”.
Europako Triatloi Txapelketa Muruetako Guggenheimaren eta uren kudeaketaren auziaren pare jarri dute: “Eskualderako onura handia ekarriko duela diote, baina ez dituzte tokiko beharrizanak kontuan hartzen”.