Tonpoia bisitatzeko eta Gaztelugatxe garbitzeko hitzorduak, Bermeon
Asteklima Klima eta Energiaren Astearen bigarren edizioan parte hartuko du Bermeoko Udalak, eta tonpoia bisitatzeko eta Gaztelugatxe ingurua garbitzeko ekintzak antolatu ditu.
Bermeoko Udalak irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean ospatuko den Asteklima Klima eta Energiaren Astearen bigarren edizioan parte hartuko du, eta bi ekimen prestatu dituzte horretarako.
Asteklima 2022 Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasagarritasun eta Ingurumen sailak, EEE eta IHOBe bere erakunde publikoen bidez bultzatutako ekimena da, eta ekimenaren helburua da herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea “ezinbestekoa” den energia eta klima trantsizioaren aurrean.
Hori horrela, Bermeoko udalak Tonpoiko itsasertzeko gune natural berria ezagutzeko ibilbide gidatu bat antolatu du zapaturako. Ibilbidean, Tonpoian dauden elementu naturalak ikusiko dituzte, baita espazio hori klima aldaketara egokitzeko ezarritako neurriak zeintzuk izan diren ezagutu ere. Talan jarri dute batzeko hitzordua, 11:00etan, eta 12:30era bitartekoa izango da bisita gidatua.
Bestetik, Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana egingo dute urriaren 1ean, Lurgaia Fundazioaren eskutik. Jarduera horren helburu nagusia da herritarrak sentsibilizatzea, hondakinek kliman sortzen dituzten ondorioez jabetzeko. Udal arduradunek gogoratu dutenez, 2020an antzeko jardunaldi bat egin zuten, eta “arrakastatsua” izan zen, 30 pertsonatik gora batu zituelako. “Jardunaldi honekin, guztira, zazpi auzolan antolatuko dira azken hamar urteetan Gaztelugatxeko kala garbitzeko asmoz”, gehitu dute.
Jarduera honetan edonork parte har dezake, baina kontuan eduki beharko da kala harritsua dela.
Gaztelugatxe garbitzeko hitzordua
Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekuan jarri dute elkartzeko hitzordua, 09:30ean. Hala, itsasbehera aprobetxatuko dute garbiketa lanak egiteko.
“Jarduera hasteko, antolatzaileek gure bizimoduari buruzko hausnarketa egingo dute, eta, ondoren, garbiketa lanak zelan egin behar diren azalduko dute. Horren ostean, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu eta boluntarioak taldeetan antolatuko dira”, jakinarazi dute antolatzaileek.
Gero, zakuetan jasotako hondakinak sailkatuko dituzte, “ahal den guztia birziklatzeko”. Eta, ondoren, haitzetatik errepideraino aterako dira giza kate bat osatuz, eta hondakinak edukiontzi batera eramango dituzte.
Materiala eta garraioa antolatzeko, “ezinbestekoa” iozango da irailaren 28ko 18:30ak aurretik izena ematea, info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita edota 606 14 18 37 Whatsapp zenbakira mezu bat bidalita; izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono zenbaki bat zehaztu beharko dira.