Lehen Gilda Txapelketa egingo dute Gernika-Lumon
Irailaren 23, 24, 25 eta 30ean eta urriaren 1ean eta 2an, herritarrek pintxo tradizional hori dastatzeko aukera izango dute txapelketan parte hartzen duten 24 ostalaritza establezimenduetan.
Gernika-Lumoko lehenengo Gilda Txapelketa antolatu du Gernikako Merkatari eta Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak. Beraz, hilaren 23, 24, 25 eta 30ean eta urriaren 1ean eta 2an, herritarrek pintxo tradizional hori dastatzeko aukera izango dute txapelketan parte hartzen duten 24 ostalaritza establezimenduetan. Gilda onenarentzako saria egongo da, baita zozketan parte hartzen dutenentzat ere.
“Herriko saltoki txikietan erosketak bultzatzea eta bezeroak fidelizatzea da bilatzen duguna”, adierazi du Gaizka Muniategi Gernikako Merkatari Elkartuaren presidenteak. Gilda txapelketagaz ostalaritza bultzatu gura dute, eta “aukera berriak” eskaini gura dizkiete ostalari zein bezeroei: “Gure asmoa ez da bakarrik gernikarrak etxetik ateratzea eta gure tabernek eskaini ditzaketen gilda aukeraketa zabala aurkeztea, beste udalerri batzuetako eta beste eskualde batzuetako jendea erakartzea ere bilatu nahi dugu”. Aisi enograstronomikoa “aberastu” gura dute, alegia.
Hauek dira parte hartzen duten tabernak: Aretxa, Arribaltza, Arriza, Alboka, Auzokoa, Azules, Bake Eder, Boliña Zaharra, Bar Jesus, Estanco, Hiru Saku, Hotel Boliña, Isibengo, Km0, Lagunetxea, La Boca, Madariaga, Musutruk, Plazakoa, Oiz Bide, Omago Txiki kafetegia, Oka, Sakone eta Zallo kafe bar.
Txapelketa egunetan, jendeak parte hartzen duten tabernetan gildak dastatu ahal izango dituzte, ordutegi jakin batean: barikuetan eta zapatuetan, 12:00etatik 15:00etara eta 18:30etik 21:00etara, eta, domeketan, berriz, 12:00etatik 15:00etara bitartean. Gildak ondo identifikatuta egongo dira, eta gehienez 2,50 euroko prezioa izango dute.
Urriaren 2an jakinaraziko dute zeinena den gilda onena, eta irabazleak txapela eta gilda gomendatzeko irratiko zein sare sozialetako publizitate kanpaina izango ditu opari, baita 200 euroko opari txartela ere, Gernikako Merkatari Elkartuen barneko establezimenduetan trukatzeko. Establezimendu irabazleak,txapelketa amaitu eta ondorengo hilabetean, gilda irabazlearen eskaintza bermatu beharko du asteburuetan.
Parte hartzen duten establezimenduetako bezeroek gildak dastatzeaz gain, zozketa batean parte hartuko dute. Horretarako, tabernariek Gilda Txapelketa Txartela emango diete bezeroei, eta bezeroek gilda dastatu ostean, txartela bete beharko dute, gero, establezimenduko arduradunek zigilatu eta kutxatila batean sartzeko. Txartel guztien artean hiru lote zozkatuko dira: 100 euro GME barnean dauden establezimenduetan gastatzeko, 5 txakolin eta gilden dastaketa eta Bizkaiko Txakolinaren lote bat. Bezeroentzako sarien zozketa urriaren 10ean egingo da, sare sozialen bidez.
“Elkarteak Gernika-Lumoko eta eskualdeko herritar guztiak animatzen ditu txapelketa honetan parte hartzera, ez bakarrik irabaz daitezkeen sariengatik, baita gure ohiko pintxoetako bat dastatzeagatik ere”, adierazi du Muniategik.