Gonzalezen askatasuna eskatzen duen adierazpen instituzionala eman dio EH Bilduk Poloniako enbaxadoreari
Gernika-Lumoko Udalaren adierazpen instituzionalaz gain, Nabarnizko eta Elantxobeko udalek onartutako adierazpen instituzionalak eta Pablo Gonzalezen familiak idatzitako gutuna eman dio EH Bilduk enbaxadoreari.
Pablo Gonzalez kazetariaren egoera salatzen duen eta haren berehalako askatasuna exijitzen duen Gernika-Lumoko Udalaren adierazpen instituzionala eman dio gaur Jose Ramon Bilbao EH Bilduko zinegotziak Anna Sroka Poloniako enbaxadoreari. Adierazpen hori Nabarnizko eta Elantxobeko udalek ere onartu dute, eta agiri horien kopia eta Pablo Gonzalezen familiak idatzitako gutuna eman dizkio Bilbaok enbaxadoreari.
Poloniako zerbitzu sekretuek kazetari elantxobetarra atxilotu zutenetik 200 egun igaro dira, eta prebentziozko espetxealdian dago Gonzalez, “atzerriko indar batentzat espioitza lanak egitea egotzita”. Isolamenduan dago Rzeszoweko espetxean, eta dagoeneko Pryemylgo auzitegiak bi aldiz luzatu du kazetariaren behin-behineko espetxealdia; azkena datorren urriaren amaierara arte.
Espioitza salatzeaz gain, ez dira ezagutzera eman baieztapenari eusteko frogak, ezta zigorra behin eta berriz luzatzeko arrazoiak ere. Ondorioz, Polonia “giza eskubideen” aurkako jarrera bat izaten ari dela jaso dute adierazpenean: “Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketa horren aurrean, herrietan subiranotasuna eta bakea defendatzen dugunok, demokrazia, justizia eta prentsa askatasuna ere defendatu behar ditugu”.
Horregatik guztiagatik, irailaren 16an Gernika-Lumoko Udalak berretsi egin zuen Eusko Legebiltzarrak 2022ko maiatzaren 26an egindako adierazpena, eta horren berri eman zien Poloniako agintariei, Espainiako estatuan Poloniak dituen ordezkari diplomatikoen bidez. Gaur, EH Bilduk berriro jakinarazi die adierazpen instituzionalean jasotakoa.
Eskaerak.
Dokumentuaren bidez, Poloniak behin-behineko espetxealdia neurriz kanpo erabiltzearen ondorioz kazetaria jasaten ari den egoerareriko kexka adierazi zion udalak Poloniari; izan ere, adierazpenak jasotzen du Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. artikuluan ezarritakoa “urratzen” duela Poloniak.
Halaber, dokumentuagaz, udalak bere desadostasuna adierazi zuen Poloniako auzitegiaren erabakiagaz, eta Poloniako agintarien aurrean aldarrikatu zuen Gonzalezen eskubideak errespetatzeko, eta “prozesu honetan jasandako eskubide urraketei” amaiera emango dien prozedura bat baliatzeko.
“Gonzalezen atxiloketa eta espetxeratzea prentsa eta informazio askatasunarentzat albiste txarra dela adierazten du udalak, eta hori oinarrikzo bermeetako bat da gizarte aske eta demokratikoetan. Udalak bidegabekeria krudel hori amaitzeko eta Gonzalez berehala aske uzteko eskatzen du”, adierazten du txostenak.