Denboran harrapatuta dauden lau pertsonaiaren istorioa
'Gag Movie' antzerki lana eskainiko dute barikua (irailak 23), 20:00etan, Lizeo Antzokian.
Udazkenagaz batera, badator kultur etxeko programazioa, eta itzulera, “aparta” izango da. Izan ere, Yllana konpainiak Gag Movie antzerki lana eskainiko du barikuan (irailak 23), 20:00etan, Lizeo Antzokian. Denboran eta fotograma bakarreko muga estuetan harrapatuta dauden lau pertsonaiaren istorioa da antzezlana.
Obrako zinemagile taldea eszenan sartuko da magia eginez, eta zinemagintzako momenturik ikonografikoenetako batzuetan zehar bidaia debertigarri bat egiteko gogo betez. Umorez eta asmamenez, zinema zelakoa den ez ezik, zelan egiten den, nola bizitzen den, eta, batez ere, zelan gozatzen den erakutsiko dute zuzenean.
Zinemagintzak eta antzerkiak topo egiten duten obra da, eta antzezleek elkarregaz zortzigarren artea osatuko dute, edo bederatzigarrena, edo hamargarrena. Zenbakia edozein dela ere, “lan dibertigarri eta zorabiagarria” da antzezlana, ikusleen begietatik segundoko 300 fotograma baino gehiagora pasako dena.