Urriko Azken Astelehenean parte hartzeko eskabideak aurkeztu daitezke
Urriko Azken Astelehenean postua gura dutenek urriaren 17ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta txosna jarri gura dutenek urriaren 7ra bitartean.
Bi urteren ostean, urriaren 2an eta 3an ospatuko da Urriko Lehen Astelehena, eta urriaren 31n Urriko Azken Astelehena. Hala, Gernika-Lumoko Udalaren Azoka eta Merkatuen sailak Urriko Azken Asteleheneko azokan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du, duela bi aste urriko lehen azokan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea ireki zuen modura. Ondorioz, Urriko Azken Astelehenean postua gura dutenek urriaren 17ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta txosna jarri gura dutenek urriaren 7ra bitartean; gainera, gogoratu dute irailaren 29ra arte zabalik dagoela oraindik urriko lehen azokan parte hartzeko aukera.
Jakitera eman duenez, interesa daukaten ekoizleek Bizkaiko Foru Aldundiko ustiategien erregistroan alta emanda egon beharko dute eskabidea egin ahal izateko.
Bizkaikoak ez diren ekoizle eta artisauen kasuan, esparru autonomikoko erakundeetako ekoizleak eta artisauak egon ahal izango dira, baldin eta azokaren sustatzaileek euren elkartea gonbidatu badute.
Beharrezko dokumentazioa.
Izena emateko orriak udaletxean eta udalaren webgunean lor daitezke, eta, eskabide orria bete ostean, udalean aurkeztu beharko da.
Erregistroan (HAZ) aurkeztu ahalko dute interesatuek, astelehenetik barikura bitartean, 07:30etik 15:00etarako ordutegian. Eskabidea posta elektronikoz egin gura dutenentzat haz@gernika-lumo.net helbidea dago erabilgarri. Hala ere, izapidea egoitza elektronikoz egiteko aukera ere badago, udalaren webgunean ‘Tramiteak’ deituriko atalean.