Paella janean elkartu dira muxikarrak
Santa Kurtze jaiak ospatzen ari dira Ariatzan, eta denetariko osagai eta zaporedun paellak prestatu dituzte gaur; paella usainak bete du ingurua.
Uda sasoia agurtzeko jaietan murgilduta daude muxikarrak. Santakurtzeak ospatzen ari dira, eta jaietako bosgarren egunean, paella artean batu dira Ariatzan.
Goizetik bertaratu dira muxikarrak Atxelipe txoko ingurura, eta kuadrilla bakoitzarentzako gunea aurkitu eta gero, denetariko osagai eta zaporedun paellak prestatu dituzte eguerdira bitartean; zortzi paellaren usainak bete du ingurua. Eta, 15:00ak helduta, lagun taldeka batu dira, eta ondo pasatzeko aukera izan dute haur, gazte zein helduek.
Paellak jateko elkartu dira gaur muxikarrak, baina egunero-egunero ondo pasatzeko aukerak izan dituzte. Izan ere, atzo iluntzean, bertso afarian batu ziren Atxelipe txokoan. Ibai Amillategi, Aitor Etxebarriazarraga eta Ander Elortegi izan ziren bertsotan aritu eta giroa alaitu zuten hirurak, eta herritarrek gozatu ederra hartu zutela aitortu dute.
Bihar, berriz, jaiei agur esateko txanda ailegatuko zaie muxikarrei, eta goi-goitik egingo dute hori. Izan ere, santakurtze jaiak agurtzeko horren garrantzitsua den Saragiaren hileta egiten duten 100. aldia izango da. Lehenago, baina, Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldearen ikuskizuna izango dute bertaratzen direnek.
Egitaraua.
Bihar, irailak 18.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldearen dantza saioa.
13:30. Saragiaren hileta.