Herria eta itsas hondoa, batuta
Gaurtik domekara bitartean, Punkmarinos izeneko urpekaritza jardunaldiak antolatu ditu Elantxobeko Bou Nabarra elkarteak.
Gaur, bihar eta etzi, Elantxoben urpekaritzaz gozatzeko aukera paregabea egongo da. Izan ere, Punkmarinos izeneko jardunaldiak antolatu ditu asteburu osoan zehar herriko Bou Nabarra elkarteak. Iaz ekitaldiaren lehendabiziko aldia izan zen, eta esperientzia errepikatzeko asmoz daude aurten ere. Elantxobeko Udaletik argitu dutenaren arabera, iazko lehen ediziora “txoko guztietako urpekariak” hurreratu ziren, guztira 80 bat lagun, eta aurtengo helburua ere horixe izango da: jendea Elantxobera bertaratzea, urpekaritzaz eta giro atseginaz gozatzeko.
Maila nahiz adin desberdinetara bideratutako egitaraua antolatu dute aurten ere. Urpekaritzaren munduan hasi gura dutenentzako bataioetatik abiatuta, eskarmentudun urpekarientzako saioetara arte. Horrez gain, hitzaldiak ere zuzeneko musika ere aurtengo berritasunetako bi izango dira. Udaletik azaldu dute jardunaldiak “uretatik herrigunera” aterako dituztela, eta musika izango dela horretarako bidea. Hori dela eta, hainbat DJk zuzeneko musika eskainiko dute asteburu osoan.