Memoria historikoa eta 1945az geroko diktadurak, aztergai
Europar Batasuneko Erasmus+ programaren baitan, memoria historikoa landu dute gazteek Kroazian. Bertan izan dira Gernika Gogoratuzek aukeratutako seiak: Maria Malaxetxebarria gernikarra, Olaia Mujika bermeotarra, Maitane Urkiaga ondarroarra, Garazi Saez eta Aitor Zabala bilbotarrak eta Nere Ibinaga lemoiztarra.
Venues of victims Europako nazioarteko proiektuan parte hartu dute Europako sei herrialdeetako gazteek, Kroazian; tartean daude Gernika Gogoratuz elkarteak aukeratutako seiak: Maria Malaxetxebarria gernikarrak, Olaia Mujika bermeotarrak, Maitane Urkiaga ondarroarrak, Garazi Saez eta Aitor Zabala bilbotarrek eta Nere Ibinaga lemoiztarrak. Kroaziako 15 eguneko esperientzian, memoria historikoari eta 1945aren ondorengo Europako diktaduren alderdi politiko sozialei buruzko tailerretan parte hartu dute.
Hain zuzen ere, Venues of victims proiektuaren bigarren faseko jarduera izan da aurtengoa, izan ere, lehenengo fasea 2018an garatu zen. “Lehenengo fasean ere Kroazian batu ziren gazteak, baina gai desberdinak jorratu zituzten. Orduko hartan, lekuz leku joan ziren eta Kroaziako leku ezberdinetako historia eta memoria historikoa landu zuten. Aurten, baina, Zagreben eta Rijekan egon dira, eta Bigarren Mundu Gerraren osteko Europako erregimen diktatorialak izan dituzte izpide”, adierazi du Andreas Schafter Gernika Gogoratuzeko kideak.
Azaldu du ekintza hau hezkuntza eremu ez formaleko Erasmus+ proiektuaren baitan antolatu dutela, Europako beste herrialde batzuekin elkarlanean. “Helburua da beste herrialdeetako gazteekin elkarlanean, gazteek gai jakin batzuei buruz hausnartzea eta ikastea”, adierazi du.
Saezek azpimarratu du, bi asteko esperientzia horretan gerraosteko diktadura horiek abiapuntu hartuta, propagandak bere garaian zuen garrantziari buruz –eta gaur egun duenari buruz– gogoeta egin dutela, “diskurtso popularrekiko pentsamendu kritikoa garatuz”. Halaber, tolerantzia eta giza eskubideekiko errespetua mahaigaineratu dituztela dio.
Gehitu du ikaskuntza prozesua hezkuntza ez formalean oinarritu denez, eurentzat “oso prozesu erakargarria” izan dela: “Nazioarteko esperientzia izateak eta beste herrialdeetako jendea ezagutzeak oso aberasgarri bihurtu du egonaldia”.
Malaxetxebarriak proiektuaren kulturaniztasuna izan du izpide, eta elkar ezagutzeko ariketa desberdinak egin zituztela gogoratu du: “Herrialde bakoitzeko zazpi gazte batu ginen han, eta elkar ezagutzeko ariketa desberdinak egin genituen, elkar ezagutzeko eta kulturaniztasunean aberatsa zen giroa sortzeko”. Aitortu du Zagrebeko egonaldian herrialdeko kideekin egoten zirela gehienbat, baina Rijekan nahastu egin zirela. “Beste herrialde batzuetakoekin egindako harremana gero eta garatuagoa zen, eta horrek denok erosoago sentiaraztea eragin zuen”.
Arlo desberdinak.
Venus of victims proiektuaren egonaldian, hainbat arlo landu dituzte parte hartzaileek. Workshop tailerretan, emakumeen errealitatea edota memoria historikoa jorratu zituztela adierazi du Malaxetxebarriak: “Zauriak zelan osatu litezkeen landu genuen. Horrez gain, irteera desberdinak egin genituen, ikasitakoak garatzeko”.
Proiektuaren helburua ez dela bakarrik ikastea diote parte hartzaileek, ikasitakoak barneratzea baizik; horretarako, beste metodo batzuk erabili dituzte antolatzaileek, eta ahalegin hori eskertu dute parte hartzaileek. Hala, egindako irteeren heburua ikasleak testuinguruan sartzea zela azaldu du Zabalak. “Kroazian zer gertatu den ezagutzeko egin genituen irteerak, geunden lekuaren testuingurua ulertzeko”, dio.
Zagrebeko hirigunea zein kanpoaldea ezagutu zituztela aitortu du, eta Jasenovaceko oroipen monumentura egindako irteera nabarmendu du. Dioenez, “oso leku hunkigarria” izan zen kontzentrazio esparrua: “Berezitasun bat dauka: hildakoak torturatuta hiltzen zituzten, ez zegoen gas kamerarik. Hil arte torturatzen zituzten, katolizismoaren nagusitasuna erakusteko. Hildakoak ijito ebanjelikoak ziren (horien %96 hil zituzten han), baita serbiar ortodoxoak eta bosniar musulmanak ere”.
Behin Reijekan egonda, gehiago mugitu zirela dio Zabalak. Kroaziako kostaldean, “ideologia, gizartea eta legitimizazioa” gaiak jorratu zituzten. Eta, proiektua amaitzeko, Goli Otok irla bisitatu zuten, indarkeriari eta gobernuari buruz berba egiteko. “Irla hauek oso famatuak izan ziren, han preso politikoak baitzeuden, sobietar batasuna eta estalinismoa defendatzen zutelako, nahiz eta Jugoslavia estatu komunista izan. Irla horietan URSS defendatuz gero, hara bidaltzen zituzten, torturatzeko”, azaldu du bilbotarrak.
Norberaren errealitatea.
Egonaldian zehar, elkarregaz lan egin dutela adierazi dute, eta talde bakoitzak bere herrialdean izandako esperientzia historikoa elkarbanatzeko aukera izan zuela gehitu dute. “Gu saiatu gara Frankoren diktadurak bereziki Euskal Herrian izan duen eragina mahaigaineratzen, baita espainiar estatuaren egoera zelakoa zen esaten ere. Herrialde bakoitzeko historiari buruzko kronogramak egin genituen eta euskaldunena deigarriena izan zela uste dugu”, adierazi du Saezek. Malaxetxebarriak azaldu du “deigarriena” iruditu zitzaiela beste herrialdeko partaideei, “herrialde mailan ez zelako sentimendu bera Euskal Herrian edota Espainiako beste edozein lekutan”. Euskal herritarrek jasandako errepresioa azaldu zieten, baita Frankok euskara debekatu zuela ere. “Francoren diktaduraren berri bazuten, baina ez Euskal Herriko kasuaren berri”, azaldu dute.
Memoria historikoa eraikitzeak daukan garrantzia ere “ezinbestekoa” dela adierazi dute: “Beste herrialde batzuetan memoria historikoa asko landu da, baina gurean ez horrenbeste; bidea dugu egiteko. Historia jakin behar dugu, bestela ezingo dugu memoria historiko bat osatu. Beste herrialde batzuetan diktaduren ondorioak ezabatu zituzten, baina Espainian ez da hori egin. Oraindik ikus daitezke diktadurari buruzko erreferentziak: El Caudillo izeneko kaleak edota Erorien Harana. Ez zuten ulertzen gaur egungo estatu demokratikoak halako erreferentziak onartzea”.
Oraindik bide asko dagoela egiteko ohartu ziren, eta hori zela proiektuaren funtsa adierazi du Saezek: “Proiektuaren funtsa hori da: ikasi egin behar dela zer gertatu den berriro ez errepikatzeko. Eta, parte hartu dugunoi irakatsi gura izan digute hori. Kritikoak izaten ikasi dugu”.