Gazte Egunera hurreratzeko deia egin dute Egurre gazte asanbladakoek
Egurre Gernikeko Gazte Asanbladiek Gazte Egune antolatu du zapaturako [irailak 17]. Olinpiadak, bazkaria eta ekitaldia egingo dituzte Pasealekuan, eta eguna borobiltzeko kontzertuak egongo dira.
Abuztuaren 4an iragarri zuten hitzordua ailegatu da. Egurre Gernikeko Gazte Asanbladiek Gazte Egune prestatu du zapatu honetarako [irailak 17].
Asanbladako kideek Pasealekura hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete udalerriko zein inguruetako gazteei: “Jendea animatzea gura dugu, egun polita izango da, ondo pasatuko dugu”. Ospakizun eguna da, eta, “beharrezkoa”.
“Bizitzan zehar edo gizarte honetan dauden arazo, zailtasun edo zapalkuntza desberdinei aurre egiteko benetan gaztetasunetik hasi behar den antolakuntza da garrantzitsua”, esan dute Egurrekoek. Gazteak batzea, hausnartzea, kalean gauzak egitea… funtsezkoa dela azpimarratu dute, eta Gazte Egune horretarako “bultzada edo indar bat” izan behar dela diote. Gazte Egune antolatzera begira, jendearen konpromisoa eta lana ezinbestekoak dira eurentzat: “Lan kolektibo hori beharrezkoa da; bai Gazte Egunerako, eta, orokorrean, bai egunerokotasunerako, urte osorako behar den zerbait da”.
Pandemiagatik ohiko eran ez bada ere, iaz ere antolatu zuten euren eguna. Zapatuan jendea batzea espero dute: “Bermeon eta Galdakaon jaietan daude, baina jendea egongo da”. Esate baterako, bazkarirako 100-150 txartel saldu dituzte, eta gaueko kontzertuek ere gazteak erakarriko dituztela uste dute.
Bazkalostean egingo dute eguneko ekitaldia. “Ordua aldatzea erabaki dugu; 18:00etan egin beharrean, bazkalostean egingo da ekitaldi txiki bat”. Gazteak elkartzera deitzeko mezua zabalduko dute: “Bai gazte asanbladan edo beste edozein eragiletan gazteak batzera animatzeko dei egingo dugu; gauzak bakarrik ezin ditugu aldatu, modu kolektibo batean aldatu ahal direla aldarrikatuko dugu.”
Astelehentxutxu. Era berean, zapatuko ekitaldian Astelehentxutxuri buruz berba egingo dute. Azken urteotan ez da antolatu, eta, aurten, Egurrekoek urriaren 29an antolatzea erabaki dute: “Gazte asanbladatik Astelehentxutxu bueltatzeko apustua egin dugu. Egun berezia zen gazteentzat, eta azken urteetan ez da egin”.
Ekitaldian Astelehentxutxuren antolaketan parte hartzera animatuko dituzte bertaratutako gazteak: “Zenbat eta gehiago izan gero eta hobeto irtengo da eguna”.
Egitaraua
- 11:00. Apainketa.
- 12:00. Olinpiadak.
- 14:30. Bazkaria.
- Ostean. Jolasak eta ekitaldia.
- 19:00. Kontzertuak: Coast Rebels, Rodeo, Erruki erromeria, Uanmanxito’s eta Dj Unzu eta Gorkita.