Azken txanpan sartu dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak
54 tortilla aurkeztu dituzte tortilla txapelketara; bitartean, eskalada txosneroan ibili dira ume zein nagusi. Danborrada ere badabil kalez kale, Xixili aurrean doala.
Pozez eta inoiz baino ilusio handiagoagaz hartu dute aurten bermeotarrek Xixili, baina Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako protagonista nagusiari agur esateko unea iristen ari da, bihar agurtuko dute, Santa Eufemia egunez. Ordura arte, baina, topera jarraitzen dute jaietan murgilduta.
Txosnaola FabrikanĀ suak piztu dituzte gaur eta tortilla txapelketa egin dute; 54 tortilla aurkeztu dituzte txapelketara. Hainbat kuadrilla batu dira, eta tortillarik gozoena egiteko ahaleginetan ibili dira. Bitartean, eskalada txosneroan parte hartu dute han zeuden batzuek.
Santa Eufemia bezpera izanik, bestalde, danbor hotsak dira gaur arrataldeko protagonistak; Aiarako musika bandak lagunduta danborrada dabil, kalez kale.
2019an hasitakoari jarraipena eman diote gaur arratsaldean Burujabetasun zelaian; hala, 18:00etan hasita, euskal artzain txakurrek erakustaldia eskaini dute. Txakurren trebezia ikusteko aukera eduki dute ingurura bertaratu direnek.
Umeentzako jarduerak eta musika ere ez dira falta izan aste guztian, denontzako lekua baitago Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan.