ETEek teknologiari buruzko aholkuak jaso ahalko dituzte Gernika-Lumon
30 langiletik beherako enpresentzako doako ikastaroetan izena emateko epea irekita dago. Irailaren 21ean hasiko dira eta bost saio prestatu dituzte guztira.
Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Lanbide Ekimenegaz lankidetzan, doako aholkularitza teknologikoa eskainiko die mikroenpresa txiki eta ertainei, baita ekintzaileei ere. Zerbitzua aurten jarriko da martxan lehen aldiz, eta saioak Lanbide Ekimenak erakundearen prestakuntza aretoan egingo dira, egun desberdinetan; zehaztu dute edukiera mugatua izango dela.
Enpresa sareari laguntzeko ekimenaren helburua da enpresen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea, baita digitalizaziora hurbiltzen laguntzea ere, eta, horretarako, elektronikari eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiei buruzko tailer praktikoa (EIKT soluzioak) eskainiko diete.
Zehaztu dutenez, Lanbide Ekimenak Zentroaren bidez, aholkulari propioen taldeak eguneroko jardunean teknologiak sartzen lagunduko die 30 lagile arteko ekintzaile, autonomo edo mikroenpresei.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimeneko presidentearen arabera, tresna horiek “aukera emango diete bezero gehiago lortzeko, produktu eta zerbitzuak sustatzean gehiago saltzeko, bezeroekin interakzioan aritzeko, haien beharrak ezagutu ahal izateko, eskaerei aurrea hartzeko eta zerbitzu diferentzial batekin fidelizatu ahal izateko”.
Bestalde, adierazi dute aholkularitza saioen asmoa dela enpresa “ziberseguroagoak” izaten irakastea, lapurretak, manipulazioak edo datu bahiketak saihestuko dituzten tresna eta praktiken bidez. Halaber, denbora eta kostuak aurrezten ikasiko dute enpresek, eskuzko zereginak sinplifikatu edo ezabatzean. Era berean, enpresa arintzeko tresnak emango direla gehitu dute, mugikorren erabilera adimentsua izango duen bulego birtual bat izango baita saioa. “Gainera, eraginkorragoak izango dira eta irudi berritzailea emango dute, enpresa automatizatu eta sentsorizatzen duten tresnak izango baitituzte”, adierazi dute arduradunek.
Tailerrak.
Aholkularitza teknologikoa jasotzeko bost saio antolatu dituzte, eta lehenengoa irailaren 21ean izango da. Saio horretan Ticket Bai sistema landuko dute, eta, horren atzetik, hurrengo gai hauek jorratuko dituzte: Enpresak Interneten (urriak 5), Enpresa poltsikoan (urriak 26), Kudeaketa digital eta jasangarria duen enpresa (azaroak 9) eta Zibererasoetarako prest dagoen enpresa (azaroak 30).
Ekintzaileek, autonomoek edo saio horietako edozeinetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretiaz, Lanbide Ekimenak Zentroan dagoen inprimakia beteta edo 94 625 57 58 telefono zenbakira deituta.
Lejarragak adierazi duenaren arabera, gutxienez bi tailerretan eman behar da izena, eta tailerraren ondoren aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, SPRIrekin adostutako beste egun batean.