Udan eginiko behar gogorrak fruitua eman dio Goitisolori
Joanes Goitisolok Zumaiako triatloia irabazi du. Igeriketa saio oso onaren ondoren, bizikleta gainean iritsi da lasterketa burura, eta korrikaldian nagusi izan da. Gernika-Lumotarra oso sasoiko dago.
Joanes Goitisolo Otazua atleta gernika-lumotarrak Zumaiako triatloia irabazi zuen joan den zapatuan. Goitisolok Sestaon erakutsitako sasoi puntu bikainari eutsi zion Zumaiako proban, arinagoko astean jaun eta jabe agertu baitzen eta gauza berbera egin baitzuen zapatuko lasterketan.
Zumaiakoa sprint distantziako triatloia izan zen: 750 metro egin zituzten igerian; ondoren, hogei kilometroko txirrindularitza sektorea eduki zuten; amaitzeko bost kilometroko korrikaldia egin behar izan zuten triatletek. Hasiera-hasieratik indartsu agertu zen Goitisolo: “Esango nuke urteko igeriketa trantsiziorik onena egin nuela; oso ondo sentitu nintzen, eta postu lehiakor batean kokatzea lortu nuen”. Uretatik seigarren atera zen, lasterketa burutik minutu erdira.
Bizikletako tartean, aurretik zihoazen parte hartzaileak aurreratu zituen Gernika-Lumokoak, lasterketa burura ailegatu arte: “Lehenengo zihoana aurkaria, Xabier Labaka, ezagutzen nuen, eta irteeratik adostuta genuen elkarregaz behar egitea, biok lasterketa buruan aurkituz gero”. Ia minutu biko aldeagaz hasi zen korrika lasterketa buruko bikotea, eta azken trantsizio horretan ipini zuen martxan Goitisolok bere garaipen makina: arerio denek baino askoz bizkorrago egin zuen korrika, eta Labakari ia minutu bateko aldea ateraz helmugaratu zen.
Goitisolok adierazi du “aspaldian edukitako errendimendurik onena” izan zuela Zumaian. “Udan lan benetan gogorra egin dut igeriketa hobetze aldera, eta lan horrek guztiorrek emaitza eman duela ikusi dut”, adierazi du. Bi aste barru, Goitisolo duatloi denboraldiko bere azkenengo zitan egongo da, Gasteizen. Horren ostean, Zarauzko bikotekako triatloia lehiatuko du, taldekide bategaz batera: “Zarauzko triatloia goi mailako konpetiziotik apur bat deskonektatzeko erabiliko dugu; egunpasa modura planteatuko dugu lasterketa hori, eta helburu bakarra ondo pasatzea izango da, hau da, sailkapena bigarren mailako zer edo zer izango da»”